Martxoaren 18an Espainiako Antena3 telebista kateak En Tierra Hostil programan Venezuelaren inguruko saio berezia egin zuen. Ez da ordea Espainiar Estatuan Venezuelaren inguruan egin den saio bakarra. Azken hilabeteetan ugaritu egin dira, elkarrizketatu eta egileen arabera Venezuelak egun bizi duen “egoera tamalgarria agerian utzi” duten saioak.
Horren aurrean, Ahötsa.info atari digitalak En Tierra Hostil saioaren parodia bat egin du, zeresan handia eman duena. Orain arte soilik bi saio sareratu badituzte ere izugarrizko arrakasta izan dute sarean. Lehenengo bideoak 60.000 ikustalditik gora dituen bitartean, apirilaren 1ean sareratu zuten bigarren atalak dagoeneko 25.000 ikustalditik gora ditu.
Venezuelako telebista publikoko El Desayuno saioan Ahötsako kideek egindako parodia agertu ondoren, sarea bor-borka dago. Nazioarteko eskuineko hedabide, atari digital eta blogek “Venezuelaren kontraerasoaz” mintzo dira, Ahötsaren ekoizpena bada ere.
Iruñeko UPN alderdiaren udal taldeak komunikatua atera du bideoetan ageri den informazioa eta irudiak gezur hutsa direla azaltzeko: “Dokumentalak Iruñeko karriketan bizi den egoerarekin zerikusirik ez duen ikuspegi bat ematen du”. “Oso larriak eta onartezinak dira Bilduk Iruñeaz hitz egiteko erabiltzen dituen akusazioak”, gaineratu dute.
Antena3ko saioaren parodiaren harira etengabeko erasoak jaso ditu proiektu komunikatibo nafarrak. Horren aurrean, Euskal Herriko zein nazioarteko txiolariak #JeSuisMajarisDeLaSorna traola trending topic izatea lortu dute.
2013ko irailean Audientzi Nazionalak Ateak Ireki webgunea ixteko agindua eman ostean proiektu komunikatibo berri bat sortu nahi zuten lagun talde bat batu zen. Crowfounding kanpaina bat martxan jarri ostean, 2014ko otsailaren 22an argia ikusi zuen Ahötsak.
Hona hemen orain arte Ahötsako lagunek egindako bi saioak eta Venezuelako telebista kate publikoan egindako elkarrizketa.