argia.eus
INPRIMATU
Euskal preso politikoei buruzko bi albisterengatik Ahotsa.info ikertuko du Espainiako Auzitegi Nazionalak
  • Ahotsa.info-k jakinarazi duenez, EPPKko kideei buruz informatzeagatik "terrorismoa goratzea" leporatu die Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Kazetari bat Espainiako Poliziak Iruñean duen komisaldegira deitu dute deklaratzera. Bertan izan da, deklaratzeari uko egin dio eta aske geratu da.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2018ko uztailaren 13a
Ahotsako hainbat kide, deklaratzera sartu aurretik. (Ahotsa)

2018ko urtarrilaren 5ean eta 13an zabaldutako bi albisterengatik deitu dute deklaratzera kazetaria. Albiste horietan EPPK-ko kideei erreferentzia egiteko "euskal preso politiko" izendapena erabiltzeagatik. "Hori da oraingo honetan Ahotsa.info komunikabidea erasotzeko erabili duten aitzakia", salatu dute kazetari nafarrek Topatuk jaso duenez.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak aztertuko du hemendik aurrera auziarekin jarraitu ala ez. 

Enegarren aldiz Espainiako Auzitegi Nazionalaren jopuntuan

"Egin, Egin Irratia, Egunkaria, Ardi Beltza, Apurtu, Ateak Ireki… Egin egunkariaren itxieraren 20. urtemuga betetzen den honetan, adierazpen askatasuna eta prentsa askatasuna arriskuan jarraitzen dute Euskal Herrian. Baina bere garaian azpimarratzen zen bezala, gaur ere ozen esan nahi dugu: jarraitzen dugu, jarraituko dugu!", adierazi dute.

Ez da lehen aldia herri hedabide honen aurka egiten dutela Espainiako Estatuko egituretatik. Ahotsa.info-ren aurrekari izan diren Ateak Ireki itxi zuten Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, eta hau aldi berean, aurretik zegoen Apurtu.org zentsuratu ostean sortua zen.

Altsasuko gazteen auzia hasi zenean, El Mundo egunkariak Ahotsa.info-ri buruzko artikulu bat argitaratu zuen egunkariko azalean "El Gobierno navarro subenciona una web contra la Guardia Civil" izenburupean (Nafarroako gobernuak Guardia Zibilaren aurkako webgune bat diruz laguntzen du).