argia.eus
INPRIMATU
Ahotsa.info komunikazio proiektuak hartuko du Ateak Irekiren lekukoa Nafarroan
  • Ahotsa.info izanen da Nafarroako herri mugimenduei ahotsa emanen dien informazio-bozgorailu berria. Twitter kontuaren bidez eman dute ezagutzera Ateak Ireki eta Apurtu.org atarien oinordeko izanen dena.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2014ko urtarrilaren 28a

Nafarroan "eraldaketa soziala eta politikoa bultzatzen laguntzeko" helburua du proiektuak. Herritarren aldarrikapenak, eskaerak eta askotariko egitasmoak zabaldu nahi dituzte.

Ion Telleriak Naiz.info-n jaso duenez, "erredakzio taldea herri mugimenduan ari diren pertsonek eta komunikazio proiektu ezberdinetatik datozenek osatuko dute". Ondoren, gutxinaka lurralde osoan kolaboratzaile sarea ehuntzea da asmoa.

Gaurkotasuneko gaiak izanen dira ardatz, Nafarroan gertatzen ari denaren erakusleiho izateko; horiek ikus-entzunezko edukien bidez landuko dituzte, batik bat. Bestalde, deialdi anitzetarako agenda sortuko dutela eta iritziei tartea irekiko diete eta askotariko gai zehatzen inguruko erreportajeak osatzeko nahia azaldu dute.

Auzolanean eraiki eta elikatuko duten ataria sortu asmoz Crowdfunding kanpaina martxan da; herritarren ekarpenekin dien Nafarroako komunikazio atari berria izanen dena finantzatzeko. 4.100 € lortu dituzte baina proiektua abiarazteko 12.000 behar dira gutxienez. Halere, 20.000 € lortzea da erronka.  

Urtarrilaren 17an mahai-ingurua antolatu zuten Iruñeko Katakraken.  “Herri mugimenduak aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko ahotsa behar al du?” galderari erantzuteko hainbat hedabide herritarretako kazetariak gonbidatu zituzten haien esperientziak kontatzeko. Info 7 irratiko eta Naiz.info-ko Ion Telleria, ARGIAko Lander Arbelaitz, El Diagonal egunkariko Gonzalo Garate eta Donostiako Piztu.info atariko Amaia Garcia.

Espainiako Auzitegi Nazionalak Ateak Ireki webgunearen itxiera agindu zuenetik, Nafarroako herri mugimenduek “ahotsa” behar dutela aldarrikatu dute azken asteotan. Ahotsa behar dugu dinamikaren bidez komunikazio tresna herritarren beharra azpimarratu da.

Oraingoz Twitter eta Facebookeko kontuak erabiltzen ari dira, baina laster abiaraziko dute webgunea ere. Bestalde, Ateak ireki ataria martxan da egunotan azaroaz geroztik itxita egon ondotik.