argia.eus
INPRIMATU
“Ahotsa.info”-k bosgarren urteurrena ospatuko du martxoaren 30ean Iruñean
  • Ahotsa.info hedabide nafarrak bosgarren urteurrena ospatuko du martxoaren 30ean Iruñean antolatutako festarekin. Hedabideak azaldu duenez, beren zeregina da "Nafarroako eraldaketa politiko eta sozialaren alde lan egiten duten herri mugimendu eta eragile ezberdinei, sareetan, ahotsa eta protagonismoa ematea".
ARGIA @argia 2019ko otsailaren 28a
Nafarroan eta bereziki Iruñerrian herri mugimenduek antolatutako edozelako ekimenetan hantxa dira ohikoan Ahotsa-info-ko kazetariak eta kamarak. Sarri-sarri, haien inguruan dira baita ere Ekinklik-eko argazkilariak. "Gure aliatu grafikoak –diote Ahotsakoek–. Eklinklik-ek ere urteurren borobilarekin bat egiten du. Hamar urte daramatzate mugimendu borrokalariz beteriko irudi estatikoak eskaintzen".
 
Iruñeko haien komunitatea batu nahi dute martxoaren 30ean: "Nondik gatozen eta nora goazen gogoratuko dugu jai egun horretan. Espainiako Auzitegi Nazionalak Ateak Ireki itxi ondoren jaio zen Ahotsa.info, eskuin espainolistak gobernatutako Nafarroa hura aldatzeko borrokatzen zutenentzako komunikazio tresna bat sortzeko konpromisoarekin. Gaur, bost urte igarota, egoera guztiz ezberdinean kokatzen gara. Nafarroa aurrera doa, batzuetan mantsoegiak iruditzen zaizkigun aldaketen eta eraldaketen agendan, ilusioz beteriko etorkizunerantz. Bere asmatze eta hutsegiteekin, 2019ko Nafarroak ez dauka zerikusirik 2014koarekin, eta Ahotsa.info eta Ekinklik horren lekuko eta bozgorailu izan gara".
 
Borroken berri eman eta borroka horren kide ere sentitzen dira:  "Borrokaren baitan ikusten dute: "Borrokak aurrera darrai eta, gaurkotasunak egunero erakusten digu, Nafarroan eta Euskal Herri osoan ultraeskuin faxistena zelatan dugu. Finkatzea hainbeste kostatu zaizkigun lortutako aurrerapen guztiak eta askatasun demokratikoak deuseztatzearekin mehatxatzen dute. Mehatxu honen aurrean, Nafarroak kontra egiten du, horregatik, Ahotsa.infok eta Ekinklikek besteok kontatzen ez dutena kontatzeko konpromisoa berresten dugu. Gure historia xumearen orrialdeak guk geuk idazteko konpromisoa, ez dezaten beste batzuek gure herriaren inguruko kontaketa desitxuratua egin".
 
Martxoaren 30ean bermuta egingo dute Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan zehar eta Herriko Tabernan bazkaria; bertan izango dira salgai txartelak edo bestela martxoaren 26a baino lehenago ahotsabehardugu@gmail.com-era idatzita. Bazkalondoan Mutxa Mierda musika taldea eta Majaris DJa egongo dira Nabarreriako Zabaldi elkartean.