argia.eus
INPRIMATU
Zortzigarren Ahots Baten sormen egonaldia egingo dute urriaren 29tik azaroaren 1era
  • Amaiurko aterpean bilduko dira ahozko sorkuntzan aritzen diren 15 eta 22 urte arteko gazteak. Proiektuaren gidaritzan erreleboa gauzatuko dute: orain arte Bertsozale Elkarteak gidatu du, baina aurrerakoan laguntzaile lanetan arituko da, gidaritza Euskaltzaindiaren esku utziz.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 04a
Argazkia: Kulturaz Artxibategi Digitala

Ahozko sorkuntzan diharduten 15 eta 22 urte arteko Euskal Herriko gazteak biltzea, horien arteko harreman sareak bultzatzea eta esperimentaziorako espazioa sortzea da Ahots Baten sormen egonaldien helburua. Zortzigarren edizioa izango da aurtengoa, eta oraingo honetan Amaiurko aterpea hautatu dute egonaldiak gauzatzeko espazio modura. Bertan, bertsoan, antzerkian, kantagintzan eta literaturan murgilduko dira parte-hartzaileak, urriaren 29tik azaroaren 1era bitartean. Izen-emateko epea urriaren 3an ireki zuten, eta zabalik egongo da urriaren 20ra arte. Interesa duenak Euskaltzaindiaren web-orrian eman dezake izena, galdetegia betez. Egonaldien prezioa 100 eurokoa da, eta plazak izen-emate hurrenkeraren arabera beteko dira.

Egonaldietan izena ematen duten gazteek kultur adierazpide ezberdinetako sortzaileen bisitaz gozatu ahalko dute. Ainhoa Artetxe aktorearekin, Iñigo Astiz poetarekin eta Paxkal Irigoien eta Maia Iribarne-Olhagarai abeslariekin aritzeko aukera izango dute, emankizuna eskaintzera joango baitira Amaiurko aterpera. Aipatutako sortzaileez gain, Ainhoa Castorene gai-jartzaileak ere egingo die bisita; ez da bertsolaritzara egingo duten gerturapen bakarra, urriaren 29an txangoa egingo baitute Donibane Garazira, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurreko saioa ikustera.

2015ean egin zuten lehen aldiz Ahots Baten sormen egonaldia, eta gaur egun arte Bertsozale Elkartea aritu da proiektuaren gidaritzan, Mintzola Ahozko Lantegiaren bitartez. Aurrerakoan, baina, Euskaltzaindiak bere gain hartuko du Mintzola egitasmoa eta laguntzaile lanetan arituko da Bertsozale Elkartea.