Orain dela urte batzuk, haizearen hiritik nenbilela, atentzioa eman zidan horma bateko grabatu batek. Non eta Chikagoko Pritzker Parkean, nork eta Martin Heideggerrek, pentsatzeko gonbita egin zidan. «Language is the flower of the mouth» ziostan pentsalariak zementutik, zuhaitzen hostoek eginiko soinuarekin batera. «Hizkuntza ahoaren lorea da». Handik urrundu ahala, irribarretsu bezain pentsakor, esaldiaren oihartzunak lagundu ninduen tarte luze batean. Askotariko kolore, usain eta formakoak, zaindu beharreko izaki gogor eta delikatuak dira loreak, sailkaezinak zail edo erraz kategorietan, hizkuntzak bezala.
Azken egunotan, hedabideek zabaldutako albiste batek lorearen metafora gogorarazi dit. Euskarari buruz adierazi duenarekin hautsak harrotu ditu Gasteizko epaile batek. Filosofiaren barnean XX. mende hasieran gertutako iraultza txiki bat azaldu nahi nieke epaile horren iritzi berekoak direnei. Bira linguistikoa izena jarri zion Richard Rortyk korronte horri, arazo filosofikoen jatorria ez ezik, haien konponbidea ere hizkuntzan zegoela argudiatu zelako lehen aldiz. Bizitzaren zentzua, ongia/gaizkia dikotomia, edota justiziaren kontzeptua bera, besteak beste, hizkuntzak sortutako korapiloak zirela uste zen, baita hizkuntzaren bitartez konpondu beharrekoak zirela ere. Logikoki, diatriba filosofiko askoren oholtza bilakatu zen hizkuntza, eta gainean zeuden bertsolarien artean, Ludwig Wittgenstein izan zen txapelduna.
Euskararen ustezko zailtasunari dagokionez, zer erantzungo lioke Vienako pentsalariak epaileari? Wittgenstein, hasieran hizkuntza logiko-zientifikoa lehenetsi nahi izan bazuen ere, berehala konturatu zen hiztunen benetako portaerak beste hurbilketa bat eskatzen zuela. Hori dela kausa, Ikerketa Filosofikoak liburuan, Sprachspiel kontzeptu ebakiezina garatu zuen. Bere ustez, hizkuntzak Sprachspiel-en multzoak dira, hau da, hiztun-elkarte batek sortutako berezko hizkuntza-jokoak. Homonimiak, antanaklasiak, polisemiak, aforismoak, atsotitzak, zentzu bikoitzak, euskalkiak, hitanoa, erromintxela... Hizkuntza-joko bakoitzak, loreek bezala, berezko ezaugarriak dauzka.
Nik, pertsonalki, oso gustuko dut Wittgensteinek hizkuntzari emandako ukitu ludiko hori, eta Xabier Amurizaren bertsoa dakarkit gogora: «Euskal Herrian euskaraz, nahi dugu bizi eta jolas». Hizkuntza-jokotzat hartuta, jendartea, sormena, bizipoza, algara eta elkarrekintza azpimarratzen ditu Wittgensteinek; eta ez, ostera, zailtasuna, hiztunen kopurua edo ofizialtasuna. Are gehiago, adierazle horiek beste eremu batekoak direla esango luke. Beste “joko” bateko kontuak, alegia. Beharbada, erabilgarriak izan litezke estatistikak egiteko, baina sekula ez hizkuntzen zerizana edo garrantzia ulertzeko.
Hizkuntzak dinamikoak eta erlatiboak diren heinean, arau eta esanahien erabilera propioak dituzte testuinguru bakoitzean, eta horrek berezi, preziatu, apart, paregabe eta errepikaezin bilakatzen ditu hizkuntzak, ez konplexu. Ez al da zoragarria ikuspegi hau? Horren ondorioz suertatu dira hizkuntza-mirari txikiak, hala nola det, dot, dut, duk, dun, eta abar. Beste adibide bat ematearren, euskaraz ez dugu febrero esaten, otsaila baizik, hau da, otsoen hila... and I think it’s beautiful!
Nire iritziz, oso larria da justiziaren izenean entzun ditugunen tamainako disparateak pairatu behar izatea XXI. mendean. Ulergarria da oso sortu duten polemika. “Ezin denaz hitz egin, hobe da isiltzea”, gogorarazten digu Wittgensteinek. Gogora dezagun hizkuntza bakoitza, izan paradisuan erabilitakoa zelako, izan bostehun hiztun dauzkalako, ontzi bat dela. Barruan, gizatalde bakoitzak bere lore sinboliko guztiak bildu ditu ximenki: pentsaerak, sentitzeko erak, ohiturak, folklorea, identitateak, iruditeriak, oroitzapen kolektiboak. Ez dezagun baliogabetu inongo hizkuntzarik konplexutasunaren izenean. Azken finean, Ludwigek zioenez, “hizkuntza bat irudikatzea bizimodu bat imajinatzea da”. Hizkuntzak hiztun-talde baten sormen-jarduera libreak direnez gero, argi dago elkarren artean neurgaitzak direna, izan direna eta izango direna. Laburbilduz, ez da existitzen hizkuntza pribilegiaturik edo nagusirik, guztiak direlako baliotsuak bere baitan. Zaindu dezagun, beraz, euskararen lorea.