argia.eus
INPRIMATU
Ahizpatasuna zutik zugatik, Saioa

Amets Aranguren Arrieta @ametsaranguren 2021eko abenduaren 02a
Argazkia: Idoia Zabaleta / Foku

Izabatik Iruñerako bidea egin du azken bi hilabeteotan pandemiak urtebete atzeratu duen Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Mendialdean hasi eta elur artean buka. Errepideetako elurrak askori txangoa izorratu badie ere, ia 2.000 lagunek bete dute Anaitasuna igande arratsaldez. Batzuk manta eta guzti. Kalekoaz gain, haize freskoa nabari da ere oholtza gainean: gaztetasuna, berritasuna eta emakumezko bat presente, aspaldiko partez. Giroa bero dago publikoaren artean eta bertsolariek hasierako agurrak bota bezain pronto kokatu dugu finalista bakoitzaren fan kuadrilla non zegoen eserita.

Nafarroako bertsolari txapelketaren finala
Noiz: azaroak 28
Non: Iruñeko Anaitasuna

Saio puntuagarritik at Josu Sanjurjoren bertsoak heldu zaizkit gehien. Hasierako agurrean, bizitzako hainbat esparrutan bidelagun duen bertsoari eskatu dio laguntza, orain Nafarroa osoaren aurrean kantatu behar duela. Gazteei zuzendurik bota du bukaerakoa, konfiantza jarriz haiengan. “Beraz sekula baldin bazaude ametsen baten liluran / inork egiten ez duenean nik sinetsiko dut zugan”.

Askotariko gaiei kantatu diete zortziek: mapetan ageri ez den herriari, lodifobiari, bikoteari, pisukideei, sexu-harremanei, pobreziari eta laguntza eske zebilen emakumezko bati, besteak beste. Azken horren inguruan Xabier Silveirak bota duenaren harira marmarrak entzun dira publikoaren aldetik. Umoreak ere izan du bere lekutxoa gai batzuetan, baina hortik enfokaturiko bertsoaldiek ez dute bereziki gailurrik jo. Lana ongi eginik, baina atentzioa gehiegi eman gabe pasa dira ariketaz ariketa Eneko Lazkoz eta Julio Soto (edo, agian, nik ez diet kasu berezirik egin).

Ez dakit hotza zen, eseri garen lekua ala bertsoaldiak berak, baina bizi izan ditudan finaletan motelena izan da, monotonoena akaso.

Nabaria izan da arestian aipaturiko berritasuna, beste gauza batzuen artean, gazteongandik hurbil dauden erreferentziak atera direlako bertsoetan, Saioa Alkaizaren ahotik gehienbat. Nork esanen zigun Nafarroako Bertsolari Txapelketako final batean C. Tanganaren izena entzunen genuenik? Honen parean, boomer-aren papera hartzea besterik ez zaio geratu Eneko Fernandezi. Alkaiza kantuan entzuteak are gehiago nabarmendu du emakumezkorik ezean esan gabe geratzen den hori guztia.

Gaur arte protagonista izandakoek belaunaldi berri bat topatu dute haiekin oholtza konpartitzen. Sanjurjo bere jokorako abileziaz, Illarregi anaiak haien kanturako gustu zein gazte perspektibarekin eta aurtengo txapeldun eztabaidaezina bere diskurtso landuaz.

Buruz burukoan egon da tentsio handiena. Esanen nuke publikoaren artean argiki somatu dela txantrearraren aldeko jarrera. Salto batez altxatu da Anaitasuna txapela bere burura zihoala entzuterakoan. Ongi baino hobeki merezitako txapela eta krak txiki bat azken urteetako ibilbidean.