EH Bai koalizioak babesturiko Ahetzen zerrenda gailendu da bozen bigarren itzulian, joan den igandean, botoen %44 erdietsirik.
Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalea eta Ahetzen deituriko zerrendako burua izanen da Ahetze udalerriko auzapeza, atzo eginiko bozen bigarren itzulian gaindu ondotik (471 boz, boto guztien %44).
Lehen itzulian, aurreko auzapezaren programa gailendu zen, Ramuntxo Goyhetche buru duen Ahetzen Zuekin zerrendarena. Baina bigarren itzulian Labat-Aramendirengandik 60 bozetara geratu da (397 boz, %37). Bigarren itzulira hirugarren zerrenda bat ere igaro zen, Laetitia Guesdon-Michauderena. Haiek 193 boz eskuratu dituzte, %18.
Euskal Irratietako kazetarien arabera, jakina zen hauteskundeak tinko izanen zirela eta bigarren itzulian hirugarren zerrenda bat atxikitzeak Labat-Aramendiri eta Ahetzen zerrendari mesede egin ziezaiokeela. Halaxe izan da. Labat-Aramendik, ordea, hirugarren zerrenda egon izana eskertu baino, kexa azaldu du sei hilabete "galdu" direlako, "ezin genuen segitu halako giro batean".
Hona Euskal Irratietako kronika:
Gobernua, krisian
Joan den urteko maiatzean eman zuen dimisioa orduko auzapezak, Philippe Elizaldek, orduko bere lehen axuanta eta sozioak bozketa batean kontra egin ondotik gutxiengoan gelditu zelako. Desadostasunak zeuden hautetsien artean, eta, Labat-Aramendik esan bezala, giroa txarra zen. Dimisioak eman ziren. Ondorioz, hauteskundeak berriz antolatzera behartua izan zen Pirinio Atlantikoko prefetura.
Hiru zerrenda aurkeztu ziren hauteskunde hauetara: Ramuntxo Goyhetche (Ahetze Zuekin zerrenda), Ramuntxo Labat-Aramendi (Ahetzen), eta Laetitia Guesdon-Michaude (Ahetze Bihotzetik).
Labat-Aramendi izanen da Ahetzeko auzapez 2026ra arte, eta Santiago Capendegui, berriz, Elkargoko ordezkari.
"Euskararen garaipena da"
Zerrendakide guztiak zoriondu ditu Labat-Aramendik, eta herritarrekin lan egingo dutela azpimarratu du. Hala jaso du Mediabask hedabideak: "Herriko jendea gara, herri bakoitzaren bizitzan inbestituak gira, ikuspegi abertzalea dugu eta horren arabera jokatzen dugu".
Hainbat lehentasun finkatu ditu agintaldiari begira, motza izango bada ere. Hala nola herriko ikastetxean bidean diren lanak amaitzea. Horrez gain, bere esanetan, herriko etxean zegoen giroarengatik askok alde egin dute herritik, eta konponbidea ezartzeko konpromisoa hartu du.
Bestalde, Ahetzen ikastola txiki bat lortzeko intentzioa ere adierazi du Labatek, "denentzako lekua" dagoelako. Bide batez, etxebizitzaren krisiari erantzunak emateko lanean arituko direla ere zehaztu du.