argia.eus
INPRIMATU
Ahaztutako Erdi Aroaren bila Abrisketan
  • Urtarrila ez da sasoi goxoa izaten indusketa arkeologikoak egiteko baina, aurtengo eguraldi aldrebesa tarteko, lanak erritmo onean burutu dituzte EHUko Ondare eta Kultur Paisaien ikerketa taldeko eta Ondare Babesa enpresako langileek Abrisketa auzoko San Pedro ermitan, Arrigorriagan. Goi Erdi Arokoak izan daitezkeen hilobiak eta egiturak aurkitu dituzte, eta aztarnategia garai hartako erreferente bilaka liteke Bizkaia mailan.

Josu Narbarte Hernandez @txalant 2024ko otsailaren 02a
Abrisketako ermitaren ikuspegi orokorra. Hormetan txertatuta garai desberdinetako hainbat elementu ikus daitezke; burualdeko leihotxo erromanikoa, adibidez. Argazkia: Josu Narbarte / ARGIA

Emaitza onak lortzeko aurreikuspena bazuten ere, arkeologoak harrituta agertu dira aztarnategiaren potentzialarekin. Erdi Aroko erregistroak ez dira oso ugariak Euskal Herrian, eta erreferente faltak zailago egiten du garai horretako testuinguruak ikertzea. Egindako lana eta lortutako emaitzak ezagutzera emateko, bisita gidatua antolatu dute larunbata honetan, otsailaren 3an, goizeko 11:00etan.

Herrixka bat ermita baten azpian?

Pagasarri mendiaren magaleko kokaleku estrategiko batean kokatuta dago Abrisketa. Bertatik, Nerbioi ibaiaren haran osoa ikusten da, Araba eta Bizkaia lotzen dituen bide nagusia barne. Inguruko mendi-mazelak nekazaritzarako terrazaz beteta ageri dira, baina baserri gutxi batzuk baino ez daude inguruan, gehienak abandonatuta.

Teresa Campos López EHUko arkeologoa ari da indusketa zuzentzen. Hark azaldu digunez, ikerlariek aspalditik jakin izan dute Abrisketako San Pedro ermitan Erdi Aroko aztarna arkeologikoak egon zitezkeela, eta aztarnategiaren interesa ebaluatzea izan da proiektuaren helburu nagusia. Lanak hasi arteko ibilbidea ez da erraza izan, hainbat eragilek parte hartu baitute prozesuan: Malmasingo Lagunak herri elkarteak bideratzen du, EHUren aholkularitza zientifikoarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatuta. Hala ere, kontutan hartu behar da Cementos Rezola / Heidelberg Materials enpresaren inplikazioa, hura baita lursailen jabea; baita Arrigorriagako Udalarena ere.

Teresa Campos López EHUko arkeologa ari da Abrisketako indusketa zuzentzen. Argazkia: Josu Narbarte / ARGIA

Lehen kanpaina honetan, bi zundaketa arkeologiko egin dituzte ermitaren kanpoaldean. Iparraldeko hormaren ondoan egindakoak eman ditu emaitzarik adierazgarrienak. Izan ere, hiru elementu-multzo agertu dira bertan. Lehenik eta behin, ermitatik bizpahiru metrora kokatutako horma-sail batzuk agertu dira. Camposen hitzetan, egitura horiek Aro Modernoan datatu dituzte behin-behingoz, garaiko iturri dokumentaletan behin eta berriro aipatzen baita ermitaren inguruan beste eraikin batzuk egon zirela: eraikinean konponketak egiteko lantegiak, materialen biltegiak eta abar.

Ermitaren horma ondoan, haitzean industuta, zurezko zutabeek utzitako zenbait zulo aurkitu dituzte. Mota horretako aztarnak ohikoak dira Goi Erdi Aroko aztarnategietan, garai hartan zurezko arkitektura baitzen nagusi

Bigarrenik, zenbait hilobi identifikatu dituzte, ipar-mendebaldetik hego-ekialdera orientatuta. Haitzean industuta daude, eta harrizko xaflaz osatutako hormak eta tapak dituzte. Aurkikuntza garrantzitsua da, Bizkaian hilerriak parrokia-elizen inguruan bakarrik egon izan baitira XI.-XII. mendeetatik aurrera. Abrisketa auzoa, garai horretan, Arrigorriagako elizatearen parte zela kontutan hartuta, hilobi horiek Goi Erdi Aroan data daitezkeela ondorioztatu dute, VI. eta X. mendeen artean. Dena den, hipotesi hori erradiokarbono bidezko datazioen bidez berretsi beharko da.

Hirugarren aurkikuntza ere oso adierazgarria da, baina entrenatutako begia behar da hura identifikatzeko. Ermitaren horma ondoan, haitzean industuta, zurezko zutabeek utzitako zenbait zulo aurkitu dituzte. Mota horretako aztarnak ohikoak dira Goi Erdi Aroko aztarnategietan, garai hartan zurezko arkitektura baitzen nagusi. Hortaz, poste-zulo horiek eraikin baten aztarnak lirateke eta, oraindik haren planta identifikatu ez badute ere, zati bat egungo ermitaren azpian egon litekeen susmoa dute. Hala berretsiz gero, bi hipotesi zabalduko lirateke. Alde batetik, baliteke hilobien garai bereko eraikin bat izatea, lehen eliza txiki bat agian. Beste aldetik, baliteke zurezko eraikin horrek bestelako funtzioren bat izatea eta hilobien azpian egotea ere; kasu horretan, zaharragoa izango litzateke. Kanpaina bukatu bitartean, ikerlariek hilobien eta poste-zuloen arteko harreman estratigrafikoa argitzea dute, beraz, xede nagusi.

Abrisketako ipar hormako zundaketa arkeologikoa. Argazkia: Josu Narbarte / ARGIA

Zalantzak zalantza, lanaren balorazio positiboa egin du Camposek. Hasierako helburua, aztarnategian Erdi Aroko aztarnarik ba ote zen argitzea, sobera bete da, eta uste baino erregistro interesgarriagoekin gainera. Horrek hainbat aukera zabaltzen ditu etorkizunera begira, Bizkaia mailan erreferente bilaka bailiteke Abrisketa.

Erdi Aroko arkeologia, loraldi betean

San Pedro ermitak aspalditik erakarri izan du ikerlarien arreta. Izan ere, eraikina oso eraldatuta dagoen arren, hainbat elementu deigarri kontserbatzen ditu, bere antzinatasunaren seinale. Barrualdean, nabea eta absidea arku erromaniko handi batek banatzen ditu. Gainera, horma batean txertatuta latinezko inskripzioa daukan harri handi bat ikus daiteke. Bertan gordetzen da, baita ere, alfa eta omega hizkiez apaindutako hilarri bat, Goi Erdi Aroan data daitekeena. Kanpoaldean, berriz, hegoaldeko horman txertatutako eskultura erromanikoak aipa daitezke: sexu-eszena bat eta erditzen ari den emakume bat izan litekeena. Azkenik, burualdeko horman leiho erromaniko bat ere badago, baina ez bere jatorrizko kokapenean.

San Pedro ermitak aspalditik erakarri izan du ikerlarien arreta. Izan ere, eraikina oso eraldatuta dagoen arren, hainbat elementu deigarri kontserbatzen ditu, bere antzinatasunaren seinale

Hortaz, jakina zen Abrisketako ermitak jatorri zaharra izan zezakeela, Goi Erdi Aroan sortutako herrixka baten erdigune gisa agian. Hala iradokitzen dute inguru hurbilean dauden beste aztarnategi batzuk ere. Malmasin mendiaren gailurrean, adibidez, gotorleku bat dago; oraingoz indusketarik egin ez den arren, Burdin Aroan datatu izan da, baina baliteke Goi Erdi Aroan berrerabili izana ere.

Mendi beraren magalean, aldiz, Bizkaiko Erdi Aroko aztarnategi garrantzitsuenetako bat dago: Finaga (Basauri), Abrisketatik 1,5 km eskasera. Auzo horretako San Martin ermitan egindako indusketek erakutsi zutenez, tokia Antzinaroaz geroztik egon izan da okupatuta. IV. mendetik aurrera, eliza txiki bat eraiki zuten, eta haren inguruan nekropoli bat sortu. VI. mendean, eliza zabaldu eta hilobietan, hildakoekin batera, armak nahiz bestelako botere-sinboloak (armak, eraztunak, beira) ehorzten hasi ziren.

Finagako San Martin baseliza. Argazkia: Wikimedia Commons

Antzeko praktikak behatu izan dira, garai berean, Araban (Aldaieta, Dulantzi) eta Nafarroan (Iruñea) ere. Hortaz, Erromatar Inperioa erori ondoren sortu zen elite baskoi berri baten botere-gunetzat jo izan dira toki horiek. Aipatu beharra dago Finagako ermitaren ondoan muino txiki artifizial bat dagoela, lurrez eta egurrez egindako gotorleku baten arrastoak agian; ikerketa berriek baieztatu beharko dute balizko elite horien bizilekua izan ote zen ala ez.

Nolanahi ere, aipatutako adibideek argi uzten dute Goi Erdi Aroa ez zela izan sarri marraztu ohi den ‘aro iluna’. Arkeologoen lanari esker, gero eta aztarnategi gehiago ditugu garai hartako errealitatera hurbiltzeko; orduan ezarri baitziren gaur egungo herri-sarearen eta haien inguruko paisaiaren oinarriak, egun arte iritsi direnak.

Halako ikerketa gehiago etorriko ote dira datozen urteetan.

Teresa Campos, arkeologia indusketa hutsetik harago

Humanitateetan lizentziatua eta Arkeologian doktorea da Teresa Campos López (Jaen, 1975). Duela hogei urte etorri zen Arrigorriagan bizitzera, eta bere ibilbide profesionalaren zatirik handiena Euskal Herrian egin du, arkeologia profesionalari zein ondare-dibulgazioari lotuta. Gaur egun Gizarte Zientzien Didaktika irakasten du EHUko Hezkuntza Fakultatean.

Hainbat arkeologia-proiektu zuzendu ditu; besteak beste, Gorlizko Goi Erdi Aroko herrixka eta Berrizko Besoitaormaetxea baserria, biak Bizkaian. Azken urteetan, Euskal Herriko emakume arkeologoen ekarpena ikusarazten eta arkeologia feminista baten beharra aldarrikatzen nabarmendu da.

Abrisketako ermitan abiatutako proiektua indusketa hutsetik haratago doala nabarmendu du. Arrigorriagako herritarrak inplikatzea da helburua, ondarea ikertzeko prozesua barneratu eta haren parte izan daitezela. Horretarako, herriko institutuarekin harremanetan jarri dira, ikasleek aztarnategia bisitatu eta lanen nondik norakoak ezagutu ahal izan ditzaten. Xede berberarekin antolatu dute herritarrentzako bisita gidatua, otsailaren 3an, larunbata, goizeko 11:00etan.