argia.eus
INPRIMATU
Ahaztua izateko eskubidea?

Paulo Alberdi Sololuze 2023ko azaroaren 24a

Hasieran, Interneten sortu zen terminoa: ahaztua izateko eskubidea zen erabiltzaileak sareko aztarnak ezabatzeko zuen erabakimena. Aintzatespen horrek, esaterako, balio zuen bermatzeko Facebook kontua itxitakoan bertako informazio pertsonala desagertu egingo zela (den-dena: argazkiak, iruzkinak, elkarrizketak).

Duela gutxi, terminoa onkologiara hedatu da: ahaztua izateko eskubidea da norberaren historia klinikoa esparru pribatuan gordetzeko aukera. Aseguru bat kontratatzean edo mailegu bat eskatzean, adibidez, konpainiek ezingo dute kontuan hartu bezeroak iraganean minbizia izan duen.

Zer egin torturatuak ahaztua izan nahi duenean? Zelan uztartu gure memoria kolektiboa eta haien anonimotasun indibiduala? Historialariok onartu behar al dugu gertaera haiek jaso gabe geratzea?

Azken boladan sarri etorri zait burura terminoa, indarkeria polizialaren biktimek jasotako zenbait aitortzaren harira. Gogoan izan ditut tortura jasandako ezagunak, eta haiekin gaia suertatu zaigunetan nola egin dioten iskin berriketan parte hartzeari: ez zaie gertatutakoa gogoratzea gustatzen, eta ezinbestean beste norabait bideratzen dute solasaldia. Balirudike haiek ere ahaztuak izateko itxaropena dutela.

Ziurrenik biktima askok jokatzen dute torturak inoiz gertatu ez balira bezala, zauriak oraindik mingarriak direlako edo ahaleginaren ahaleginez bizipen latz haiek oroimenetik ezabatu dituztelako. Ulergarria da, jakina. Historialaria naizen aldetik, hala ere, beldur naiz isiltze horrek norberaren ahanzturarekin batera ez ote duen gizarte osoarena ekarriko; kontatu ezean, ziurra baita historiaren zati hori galtzea.

Hortxe nire zalantzak, beraz: zer egin torturatuak ahaztua izan nahi duenean? Zelan uztartu gure memoria kolektiboa eta haien anonimotasun indibiduala? Historialariok onartu behar al dugu gertaera haiek jaso gabe geratzea? Azken batean: historian ba al dago ahaztua izateko eskubiderik?

Paulo Alberdi, historialaria