argia.eus
INPRIMATU
Ahate-hiltzeen aurkako ekintzengatik jendarmeen aurrean deklaratu beharko du ELBko idazkari nagusiak
  • ELBko idazkari nagusia jendarmeen aurrean deklaratzera deitu dute iaz ahateen hiltzearen kontra egindako mobilizazioarengatik.

ARGIA @argia 2018ko urtarrilaren 10a
Ahate-hiltzearen aurkako giza-harresia egin zuten joan den apirilean hainbat herritarrek (argazkia: Ekhi Erremundegi).

ELB sindikatuak jakinarazi duenez, sindikatuko idazkari nagusia den Panpi Sainte-Marie asteazken honetan 14:00etan deklaratzera deitu dute Mauleko jendarmeriara.

Paueko prokuradoreak abian jarri duen inkesta dago deklarazio-deialdi honen atzean: joan den apirilaren 14an eta 21ean Barkoxeko Uhartia etxaldearen aitzinean elkartzeagatik “administrazio sanitarioko kideen trabatzean konplizitatea” leporatu diote Sainte-Marieri.

ELBk gogora ekarri duenez, urriaren 18an eta abenduaren 15ean elkarretaratzeak antolatu zituzten Bastidako eta Mauleko jendarmerien aitzinean, hazleen sostengatzeko.

Asteazkeneko deklarazioaren harira ez dute mobilizaziorik deituko. Hori bai, gaia auzitara iritsiko balitz, ELBk hazkuntza ttipien defentsarako bozgorailu gisa baliatuko duela adierazi du, “politika industrialen salatzeko eta azken bi urteetan hegaztien gripearen kudeaketan izan diren Estatuaren erabaki okerren plazaratzeko”.

Sindikatuak ez du ulertzen gai honetan den “tematzea”: “Apirilean,Gabadin, Dominitxinen eta Barkoxen izan diren mobilizazio azkar eta gogorrek, denbora laburrez plantatuak, legitimitate soziala ematen diote gure borrokari. Afera honetan, kontzientzia hartzeari lagundu dio ELBk baina zentzugabeko erabakien kontrako harresia gizarte zibilak du eraiki”.