Ehunka lagunek erantzun zioten larunbatean ELB sindikatuaren deiari. Hegazti gripearen aurrean, konfrontazioa aurreikusi dute sano dauden hegaztiak hiltzera derrigortu nahi badituzte.
Baxe Nafarroako herrian larunbatean eginiko manifestazioa jendetsua izan zen. ELBren esanetan bostehun pertsona baino gehiagok babestu zituzten ahate etxaldeetako jabeak eta erresistentzia antolatzeko erakutsi duten asmoa administrazioak hegazti sanoak hiltzera derrigortu nahi izanez gero.
Manifestazioaren amaieran, zenbait ahate etxaldetako kideek hitza hartu zuten. Besteak beste, orain erasaten ari den gripea 2017koa baino bortitzagoa dela adierazi zuten, “errazago ukitzen ditu animaliak eta bizkorrago hiltzen ditu”. Etxalde txikien eta eredu industrialeko esplotazioen arteko aldean jarri zuten azpimarra: lehenbizikoetan, azaldu zuten, “dentsitatea ez da handia, hegaztiak dispertsatuak dira, eta ez daude bata bestearen ondoan”; bigarrenetan, aldiz, “animalia gehiago, kontzentrazio gehiago, arazo gehiago”.
Bataila antolatu
ELBko ordezkariek ere hartu zuten hitza, prefetari ohartarazpen zuzena eginez: “Historia errepikatu nahi badu mobilizatu egingo gara [2017an nekazariek aurre egin zieten jendarmeei], soilik sano diren hegaztiak hiltzen ez badituzte ekidin ahal izanen da konfrontazio irudia”. Behar izanez gero “bataila antolatzeko” deia egin zien ELBk bertaratutakoei, beren izenak ematera gonbidatuz “unea iristen denean behar bezala erantzungo duen sare bat prest izateko”.