argia.eus
INPRIMATU
Ahanzturaren lerro bi

Mikel Terrones @mikel_terrones 2020ko azaroaren 25

Erretorikaz apaindutako ateek berenganatu egiten gaituzten bezala, hitzek ere askotan harrapatzen gaituzte. Goitik behera. Haratago dagoena sekula sentitu izan ez bagenu bezala. Sentitzen.

Gizon eta emakume urdinak izanen dira egun luze eta ilun hauetan argi izpi ttipiak pizten dizkigutenak. Baita itzaltzen dizkigutenak ere. Baina laztanik ez; laztanik ez gaurkoan.

Zilegitasunaren harira hitz egiten dugu maiz, konplexurik gabe, baina, aspaldi galdu genuela arrazoitzeko zilegitasuna bera. Sentitzekoa galdu genuen bezalaxe. Inon baino alaiagoa izenen da eta ezer ez da berdin.

"Auskalo bihar, kartzela atarian, besarkatzeko indarrik izango duten beso desgastatu horiek. Enararik egongo den"

Gaur egungo iritziek ez daukate inolako sentimenduren beharrik. Sentitzeko beharrik. Orain iritziak iritzi dira, eta iritzia iritzi izatea, ni behintzat zeharo aspertzen nau. Zuen hitz utopiko eta magiko horiek aspertzen nauten bezalaxe. Mingarriak bilakatzeraino.

Renault beltz eta handi batean ikusi zintudala azkenengo aldiz. Arrosa koloreko margoa zeneraman eskuineko eskuan, berdea ezkerrekoan. Belaun aldean orrialde zuri isolatu bat, bakartia, geratzen zitzaizkizun kilometroen antzerakoa. Horrela utz zenezake, baina oraindino margotzen jarraitzen duzue. Eta duzue esaten dut, asko zaretelako oraindik orri zuri hori belaun aldean daramazuenak.

Egun hartan arrosa eta berdearekin, auskalo bihar.

Auskalo bihar, kartzela atarian, besarkatzeko indarrik izango duten beso desgastatu horiek. Enararik egongo den. Errepide aurreko hostalean gela hutsen bat aurkituko duzuen. Auskalo. Auskalo, etzi, inoiz gela hura zeharkatu ez duen norbaitek handitasunez aholkuak airera jaurtiko dizkizun; edo ez. Auskalo hori ere.

Baina hor egon beharko zara zu, aholkuak airera jaurti dizkizunaren alde ezkutuan. Ez parekoan, ez eta kontrakoan ere. Desberdinean. Besterik gabe, desberdinean, ezkutuan.

Zilegitasunaren pandemiak gogor jotzen gaituen honetan, hor jarraitzen duzu zuk, arrosa batean, berdea bestean. Sentimendurik gabeko iritziek inoiz baino indar gehiago daramaten sasoi hauetan, hor jarraitzen duzu zuk, maitasuna batean, herria bestean.

Bi ate baino ez dira falta. Gutunean ere, lerro bi, besterik ez. Besarkada bat, amatxo.