argia.eus
INPRIMATU
“Ahalik eta Hezkuntza Lege onena” edukitzeko plan pilotua proposatu du Hezkuntza Plazarak
  • Planak hiru ardatz izan behar dituela adierazi du: ikastetxeetako hizkuntza proiektuak, herrietako hezkuntza proiektuak eta euskal curriculumaren eguneratzea. Plataformako ordezkariek agerraldia egin dute larunbatean Donostian, proposamena aurkezteko.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 27a
Datozen hilabeteetan bilerak egingo ditu Hezkuntza Plazarak hainbat eragilerekin, "euskal hezkuntzaren bidean jauzi egiteko". (Argazkia: Hezkuntza Plazara)

"Ahalik eta Hezkuntza Lege onena" edukitzeko plana proposatu du Hezkuntza Plazarak, larunbatean plataformako ordezkariek egindako agerraldian. EAEko Hezkuntza Legea aurkeztuko dute laster, eta Hezkuntza Plazarak adierazi du lege proposamenak Hezkuntza Akordioaren filosofian oinarritu behar duela, "hezkuntza sisteman beharrezkoa den jauzia emateko".

Hezkuntza komunitateko hainbat kidek hartzen dute parte Hezkuntza Plazara-n. 2020an aurkeztu zuten, Euskal Herriko oinarrizko hezkuntza akordioa lortzeko asmoz. Larunbateko agerraldian Euskal Herriko ikastola, ikastetxe eta eskola txikitako zenbait irakasle eta guraso azaldu ziren, besteak beste.

Bide horretan, hiru ardatz garatu behar direla uste du plataformak: ikastetxeetako hizkuntza proiektuak, herrietako hezkuntza proiektuak eta euskal curriculumaren eguneratzea.

Hizkuntzari dagokionez, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua garatu dezakeela aldarrikatu du, ikuspegi soziolinguistikoa, historikoa, soziala eta kulturala txertatuta: “Gure egoera diglosikoa kontuan hartuta, euskara ikasteredu orokortua bihurtuko duen proiektu integrala izan behar du”.

"Herri bakoitzak bere hezkuntza proiektua" adostu behar duela defendatu du. Udalek, ikastetxeek, eragileek eta herritarrek hezkuntzan parte hartu behar dutela azpimarratu dute, herri hezitzaileak garatzeko. Plataformaren iritziz, herriz herri elkarlana sustatzeko espazioak sortu behar dira, eta espazio horiek lagundu dezakete "publikotasun eredu berri batean" oinarritutako hezkuntza sistema lortzen.

Testuinguru berrira egokitutako curriculuma

Azkenik, euskal curriculuma eguneratu behar dela aldarrikatu du; izan ere, hamabost urte igaro dira euskal hezkuntza komunitateak Derrigorrezko eskolaldirako euskal curriculuma diseinatu zuenetik. Hezkuntza Plazarak azpimarratu du ordutik hona Euskal Herrian "aldaketa ugari" gertatu dela eta "mundu ikuskera berria" ekarri duela horrek. "Testuinguru berri horretan, euskal kulturaren transmisioa nola bermatu adostu behar da".

Datozen hilabeteetan bilerak egingo ditu Hezkuntza Plazarak hainbat eragilerekin, "euskal hezkuntzaren bidean jauzi egiteko".