argia.eus
INPRIMATU
Ahal Duguren barne prozesua: eztabaida eta polemika txiki bat
  • Euskal Herriko Ahal Dugu barne eztabaidan murgilduta dago hiri eta herrietako batzordeak eta idazkaritza nagusiak aukeratzeko. Prozesua baliagarria izaten ari da eztabaidarako, baina baita polemikarako ere.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko abenduaren 19a
Pensando Bilbao hautagaitzako kideen aurkezpena (argazkia: Deia).

Alderdi berriaren Euskal Herriko zirkuluak Twitterren daukan kontuan islatu da ika-mika ostiral honetan. Zenbait mezutan salatu denez, Euskal Herriko kontu ofizialak hautagaitza batzuen aldeko joera erakutsi du, neutraltasun irizpideen kontra.

Bilbon hautagaitza baten alde lerratuta?

Bilbon bost hautagaitza aurkeztu dira, baina, @PodemosEH-ren profilean argitaratu diren zenbait mezuk adierazten dutenez, Euskal Herriko zirkuluaren kontu ofizialak bati faborezko tratua eman dio.

Pensando Bilbao du izena zerrenda horrek eta @PodemosEH-k argitaratutako mezuetan “lotsagarria” iritzi zaio hautagaitza hori baino ez babestu izana.

“Salatzen dugu PodemosEHren kontu ofizialetatik Pensando Bilbao hautagaitzari bakarrik ematen ari zaiola publizitatea”, irakur zitekeen ostiral goizean igorritako mezu batean.

“Sareak kontrolatzen dituzten Pensando Bilbao hautagaitzako pertsonen trikimailu zikinek ez daukate justifikaziorik”, zioen beste mezu batek.

Neutraltasun protokoloa

Beroz beroan idatzitako mezuak dirudite, baina sakonagoko arrazoiak ere aipatzen dira: salaketak zerikusia dauka Ahal Duguk bere kontu ofizialetarako ezarri duen neutraltasun protokoloarekin.

Testu horretan esaten denez, alderdiaren zirkulu lokalek posizio neutrala eduki behar dute abian den prozesuko hautagaitza guztiekin, baten aldeko jarrera argirik erakutsi gabe, eztabaida ahalik eta garbiena izan dadin, “benetan demokratikoena” hori delako.

Ahal Duguren azalpenak

Ostiral eguerdian @PodemosEH-k ondoko mezua igorri du, aipatutako txioak "onartezin" gisa deskribatuz.

Mezuak atxikita daukan testuan irakurtzen denez, kontu ofiziala erabilia izan da Euskal Herriko Ahal Dugu sortu zuen "espirituari" laguntzen ez dioten jendearen partetik.