argia.eus
INPRIMATU
Ahal Duguko hautetsiek talde parlamentarioa ezin dutela bereganatu esan du Hiritar Kontseiluak
  • Barne krisiaren harira bilera egin du alderdiaren Hiritar Kontseiluak eta talde barrutik hartutako "erabaki demokratikoak" errespetatu behar direla adierazi du, parlamentuko taldea zatituta dagoen honetan.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2018ko otsailaren 05
Nafarroako Ahal Duguko Hiritar Kontseilua egungo zuzendaritzaren alde atera da Legebiltzarreko bozeramailearen aferan.

Bitan zatituta dago Nafarroako Ahal Dugu, zuzendaritzak Laura Perez bozeramaile ohia eta alderdiko kidearen militantzia "behin behinean" eten zuenetik. Horrez geroztik, Perezi espedientea zabaldu diote eta "hutsak" egin dituela leporatu; parlamentuko taldearen gehiengoa, ordea, Perezi eskaini dio babesa -Perez, Couso, Fanny Carrillo eta Ruben Velasco- eta egungo bozeramailea kendu, Mikel Buil, eta Couso jarri du, gehiengoa duela baliatuz, zazpi parlamentaritik lau dira-eta. Izan ere, Ahal Dugu alderdiko bozeramailea zen Perez lehen, baina, Eduardo Santosek alderdi barruko primarioak irabazi ostean, bozeramailetzatik aldentzea erabaki zuen, eta haren ordez zegoen Buil.

Giro arrarotu horretan, Hiritar Kontseiluaren bilera egin dute eta hautetsiek alderdia bere egin ezin dutela esan, hau da, gehiengoa duten parlamentariei zuzenduriko abisua izan da. Batzarrean izan da Eduardo Santos, egungo alderdi burua. 

Alderdiko organoak eta horiek hartutako "erabaki demokratikoak" errespetatu behar direla adierazi du Hiritarren Kontseiluak eta Dokumentu Politikoa, Organizatiboa eta Etikoa defendatu du. Ordezkari publikoei ere ohartarazi die denek erabaki zutela kode etikoa betetzea.

Albiste hau Euskalerria Irratiko webgunean argitaratu da eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta