PPrekin eta EH Bildurekin negoziazioetan porrot egin ondoren etorri da Ahal Dugurekin adostutako akordioa. Indar politiko honek aitortu duenez, maximalismoak atzean utzi eta errealitateari heldu diote, errenta baxueneko herritarren aldeko akordioa lortuta.
Ahal Duguren zuzendaritzak hartutako erabakia da, behin betikoa da eta orain alderdiko organoek berretsi beharko dute. Duela bi aste ere lortu zuten akordio bat EAJ eta PSE-EErekin, baina orduan azken erabakia militanteen menpe jarri zuten. Bozka kopurua oso txikia izan zen –%25etik beherakoa– eta baiezkoak eta ezezkoak oso parekatuak atera ziren. Zuzendaritzaren aburuz, emaitzak ez ziren izan akordioari babesa erakusteko modukoak.
EH Bildu oso kritiko agertu da akordioarekin: “Zerga erreformaren eztabaidan lasterbide bat hartu da, biderik erraz eta motzena, herri honi aukerak galarazten dizkiona”. Unai Urruzunoren ustez Ahal Dugu zerga erreformaren erreskatera atera da: “Zailtasunez beteriko ziklo ekonomiko berri batean, nahikotasun ekonomikoa ziurtatuko duen erreforma fiskal sakon bat egiteko aukera galdu da.
PPko Iñaki Oiarzabalen esanetan PSE-EE eta Ahal Duguren esku dago EAJ: “Akordio txar honek balioko du zergak igotzeko, eta klase ertainen, euskal enpresaren eta autonomoen kalterako da”.
Akordioaren ondoren, zerga erreformak bideratuko dira hiru diputazioetan. Bizkaian EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa dute eta ez zuten Ahal Duguren beharrik, baina Araban eta Gipuzkoan bai.
Sei kapitulutan banatutako ondoko 27 neurriak adostu dituzte, alderdi moreak jakinarazi duenez:
Errenta baxuak
1. Errenta aitorpenerako betebeharra 20.000 eurora igotzea; gainditzen ez dutenek, beraz, ez dute errenta aitorpena derrigorrean egin behar izango.
2. Ohiko etxebizitza alokatzeagatiko kenkaria itzultzea, kuota nahikorik ez izateagatik aplikatu gabe, 20.000 eurotik beherako errentetarako. Bi moldetakoa izan daiteke: bat, %20ko kenkaria 1.600 euroko mugarekin. Bi, %35eko kenkaria, muga 2.800 izanik, familia ugarientzat, guraso bakarreko familientzat, 36 urtetik beherakoentzat, desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonentzat eta genero-indarkeriaren biktimentzat.
3. Emakume alargunentzako kenkaria, 200 eurokoa, 20.000 eurotik beherako errentei aplikatzekoa eta progresiboki 30.000 eurotik beherako errentetaraino murrizten dena.
Berdintasuna, kontziliazioa eta familia
4. Adingabeak zaintzeagatiko eta lan-merkatura itzultzeagatiko kenkaria 12 urtera arte handitzea.
5. Lan merkatura itzultzeagatiko kenkaria: Lan merkatura itzultzen diren emakumeentzat bakarrik, 1.500 euroko zenbatekoan.
6. Eszedentzia edo lanaldi-murrizketagatiko kenkaria: Adingabeak edo mendekoak zaintzeko lanaldi-murrizketa edo eszedentzia hartzen duten gizonentzako kenkaria, urtean 200 eurokoa.
7. Emakume eta gazteentzako enplegua sortzeagatiko kenkaria %25etik %35era handitzea, kontratatutako pertsonen soldata hiru urteko epean LGS Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren %70era igotzeko konpromisoarekin.
Etxebizitza
8. Ondare-sozietateetan etxebizitza bereganatzeko pizgarriak kentzea, bi mekanismoren bidez, eta Eskualdaketen gaineko Zergaren tasa %50 igotzea bost etxebizitza baino gehiago eskuratzen dituzten pertsona fisiko edo ondarezkoei.
9. Ohiko etxebizitza alokatzeagatiko kenkaria %35era igotzea guraso bakarreko familientzat eta familia ugarientzat.
10. OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren errekargua %150era igotzea etxebizitza hutsei, Araban eta Bizkaian.
11. Obaria %50etik %70era igotzea tentsiopeko eremuetako errendimenduetatik edo bitartekaritza publikotik eratorritakoetan.
12. Hobariaren %70 alokairuaren errenta erreferentziazko edo bitartekotzako indize konparagarrien gainean dituen zifretara mugatzen duen jabearentzat ere izango da, betiere jabeak erreferentzia hori zerga-administrazioaren aurrean justifikatu ahal badu.
13. Hobaria %20ra mugatzea kapital higiezinaren errendimenduetara, baldin eta jarduera ekonomikoren bat egiten bada. (Bizkaia eta Araba).
14. Birgaitzeagatiko kenkaria %18ra igotzea.
15. Alokairuagatiko kenkaria aplikatzeko 68.000 euroko errenta-muga ezartzea.
16. Etxebizitza erosteagatiko kenkaria aplikatzeko 68.000 euroko errenta-muga ezartzea.
Progresibitatea eta birbanaketa
17. Gutxieneko tributazio efektiboa handitzea: egungo %17tik %19ra igarotzea enplegurik eta inbertsiorik sortzen ez duten enpresa handientzat.
18. Sozietateen gaineko zergaren igoera ezohiko mozkinengatik: tasa modu mailakatuan %24tik %28ra igotzea, aurreko hiru ekitaldietako batez bestekoaren %35etik aurrera ezohiko irabaziak lortzen dituzten enpresa handientzat.
19. BGAE Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak: erreskateetan zerga-ordainketa handitzea, oinarri orokorrean kapital gisa: 60-40tik 70-30era.
20. BGAE: baterako murrizketaren zenbatekoa 12.000 eurotik 10.000ra mugatzea.
Ekoizpen-sarea
21. Hobaria zuzeneko estimazio sinplifikatuan handitzea.
a. Arau orokor gisa, %10 mantentzea.
b. 85.000 baino gutxiagoko errendimenduetarako %15.
c. 35.000tik beherako errendimenduetarako, % 20.
Konpromiso politikoak
22. Iruzurraren aurkako planean sartzea ondare-sozietateetatik eratorritako errenten tributazioaren kontrola.
23. Sozietateen gaineko zergan kenkariak aztertzea, haien eragin ekonomikoa aztertzea eta BFAren egungo politika publikoekiko orientazioa baloratzea.
24. Lurralde historiko bakoitzeko zerga-sistemaren progresibitatea, errenta baxuen babes-maila eta etxebizitzaren zerga-pizgarrien ebaluazioa aztertzea.
25. 2025eko martxotik apirilera bitartean, foru aldundiek erreferentziazko indizeak egiteko gaur egun duten informazioa EUSTATera bidaltzea, Espainiako Etxebizitza Ministerioari bidal diezaion. Hala ere, errenta-programetatik lortzen duten informazio berria bidaltzen jarraituko dute.
26. Multinazionalen zerga eta finantza erakundeen gaineko zerga berriaren araudia garatzea eta 2025ean indarrean sartzea.