argia.eus
INPRIMATU
Ahal Dugu-ren odolustea eta hautsi den bozka poltsa
  • Podemosen sorrera lurrikara izan zen Espainiar Estatuan. Sekulako eragina izan zuen espainiar hauteslegoan, eta bai, baita Hego Euskal Herrikoan ere. Inork ez baitzuen espero abertzale-espainolista ezker-eskuin ardatz historikoak gainditzeko gai izango zen fenomenorik.

Zuzeu Markos Jutsuriaga 2019ko urtarrilaren 22a
Argazkia: @zuzeu

Espainiar Estatuko hauteskundeetan Hego Euskal Herrian (eta Katalunian) irabazi egin zuen Podemosek, bozka abertzale asko konbentzituz egin ere. Ordutik euri asko egin du eta orain hustutako eta bigundutako puxika ttiki baten antza gehiago du Pablo Iglesiasen alderdiak. Errejon afera izan da azkena, baina, lehendik ere ohituak geunden banaketa eta barne borroka odoltsuak ikustera, hala katalunian, nola Nafarroan eta EAEn. Zertan aldatuko du euskal panorama Podemosen odolusteak?

Podemosek Euskal Herriko hirugarren esparrua deitzen zen hori hartu eta ikaragarri zabaldu zuen 2015ko Udal eta Foru hauteskundeetan eta Espainiar Kongresurako eta Senaturako 2016ko hauteskundeetan. Lehendik Ezker Batuak, eta Aralarrek probestutako hautes esparrua 80.000-100.000 bozka inguru biltzen zituena, bere egin eta are gehiago handitu zuten euskal politika zedarritzen zuten ardatz historikoak birrinduz.

EH Bildutik hasi PSE-EErekin segi eta EAJ edo Alderdi Popularrerainoko bozkatzaile abanikoa konbentzitzea lortuz. Inoiz ikusi gabeko lurrikara Hego Euskal Herriko panorama politikoan. Espainiar bipartidismoarekin gogaitutako bozkatzaile espainolistek eta Espainia aldatzeko saiakera onartzeko prest ziren abertzaleek bozkatu zuten Pablo Iglesiasen papeleta.

Podemos listor kabia

Hastapenean esan bezala euri asko egin du. Eta hasieran freskotasuna zerion alderdiari, orain ustel usaina dario. Lehen espainiar tertulietan aldaketa deiadarra egiten zuten berauek, orain barne borroka antzuengatik dira albiste. Iglesias-Errejon lehia ez da azken urteetan zehar Podemosen barne logika hezur mamitu duen borroken ondorio bat besterik. Katalunian Dante Fachín kanporatu zuten bezala, Nafarroan ere tamalgarria izan da Laura Pérezek eta alderdiaren aparatuak izandako liskarra. Edo deitu espektakulua nahi baduzu. Gipuzkoan ere hiru alderdikide, tartean Juantxo Iturria, inputatu dituzte ustez beste alderdi kide bat jazartzeagatik. Eta horrela, zerrenda amaitezina da.

Errejonen aferak lehertu lezake Madrilgo nukleo gogorra, baina, usteak uste, gauza bat argi dago. Onerako ala txarrerako, Podemosek ez ditu berriz errepikatuko 2015/2016ko emaitza haiek. Eta lurrikarak utzitako arrakalek betiko aldatu dute euskal orografia politikoa. Orain galdera honakoa da: Nola berregingo da euskal hausteslegoa? Nora itzuliko dira Podemosi emandako bozkak?

"Podemoseko hautagaia izaten segitzen dut", Errejon

Euskal arena politikoa

Dirudienez, EAJ eroso dago euskal joko zelai politikoan. Lurrikarak mesede egin dion alderdi bakarra dirudi. Galdera ikur handiena udal hauteskundeetan dago, EHBilduk lortuko al du Gipuzkoan zuen hegemonia berreskuratzea? Podemosen boto galerak kalte ala mesede egingo dio? Ikusteko dago, baina, nabarmena da ezker abertzaleko koalizioak oraindik bere posizioak definitzen ari dela. Nafarroan emaitza onak iragartzen dizkiete inkestek, baina, oraindik ikusteko dago moreen gainbeherak nori egingo ote dion mesede. Inori egiten baldin badio.

Albiste hau Zuzeu albistariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.