Ahal Dugu eta EH Bildu EAEko eta Nafarroako hauteskundeetara koalizioan aurkezteko aukera ukatu du Pablo Iglesiasek, COPE irratian egin dioten elkarrizketan. Elkarren artean “alde politiko nabarmena” dagoela iritzi du: “Beraiek independentistak dira; gu ez”.
Ahal Duguko hautagai Pablo Iglesiasek esan du ez dutela bat egingo EH Bildurekin: “Ez da hori gertatuko”. Hala ere, aipamen egin nahi izan dio Nafarroako Gobernuan Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak erdietsiriko akordioari, Uxue Barkos Nafarroako presidentearen jarduna laudatuz: “UPN eta Barcinaren gobernuak ezagutu ostean, Uxue Barkos da Nafarroak orain arte izan duen presidente onena”.
Laura Pérez Nafarroako Ahal Duguko idazkari nagusiari gaiaren inguruan itaundu diote. “Nafarroako Gobernuan erdietsiriko akordioarekin argi utzi dugu tabuak apurtzea posible dela. Hori bai, oinarriek erabakiko dute eta horren arabera jardungo dugu”.