argia.eus
INPRIMATU
Agustin Beroiz, Iruñeko Aranzadiko baratzeetatik kanporaturik, Astigarragan baratzezain
  • Agustin Beroiz Astigarragan (Gipuzkoa) ari da baratzegintzan. Iruñeko erdi-gunean dauden Arantzadiko ortuak utzi behar izan ditu, delako "jardin pedagogiko" baten proiektu eztabaidatua dela-eta kanporatua, beste zeinbait laborari bezala. Basherri sarearen aldizkariak egindako elkarrizketa dakargu orriotara.

Laborari 2015eko urriaren 30
Aintzira Oñederra, Basherri Sareko koordinatzailea, Agustin Beroiz eta Elena Etxeberria Astigarragako "Taula" baserrian. (Argazkia: Basherri).

Agustin Beroiz bizitzeko eta egiteko modu tradizionalak oinordetzan jaso dituen baratzezaina da, landareen bitartez bere bizitza zuzentzen ikasi du, errespetuaren legean oinarrituz. Modu honetan hainbat gazteri lurra ulertzeko eta bizitzaren zirkulua errepikatzeko bideak erakutsi dizkie.

Orain dela pare bat urte heldu zen Astigarragara, bere etxea Iruñean utzita, hala ere makina handiak izan ziren Agustin Aranzadin zituen baratzeetatik

aldendu zutenak, bertan udaletxeak urbanizazio proiektu bat martxan jarri zuelako. Iruñea utzi ondoren, Elena Etxeberriaren etxaldera bizitzera etorri zen.

Nola ikasi zenuen lurra lantzen?

Lehenik behatu, ondoren praktikan jarri eta frogak eginez ikasten da, eta nik aurrekoengandik ere ikasi nuen. Haurtzaro eta gaztaroan nekazari oso onak ezagutu nituen, kimikorik botatzen ez zutenak, ustiapen txikiak zituztenak. Ez ziren multinazionalen menpe jarri, hauek lur hoberenak hartzen dituzte eta makinaria muntatu... hori da gertatzen ari dena... Ni Espainia mailan aitzindaria naiz, Kataluniarrak ere hasi ziren honetan baina baratze txikietan soilik.

Goiz xamar ohartu nintzen lurrarekin zer ari ginen egiten, ez genuen zaintzen, ez genuen babesten... natura deusezten ari ginen, erabilera txarragatik hiltzen ari ginen. Dakidan gehiena naturak erakutsi dit, gutxi irakurritakoa naiz. Natura arretaz begiratzen badugu, errespetu osoa topatuko dugu bertan eta baita ikasi beharreko guztia ere, ez liburu batean... letrarik ez duen liburua da. Denek ez dute aukera hori, ez zaie gustatzen, ez dute bizi gure moduan, niri lurra ikaragarri gustatzen zait. Eta horrek ez du esan nahi erreza denik, kostatu egiten zait baina gustuko ez duen pertsona bati baino

gutxiago... lurrak indarrak ematen dizkit, elikatu egiten nau...

Zein modutan egiten duzu baratzan lan?

Lan asko egin behar da, ordu asko sartu behar dira, azak lantzen ari zarenean aza bihurtzen naiz, piper hauekin lan egiten dudanean... aldrebeskeria badirudi ere egia da. Lantzen ari zaren landarea bezala sentitu behar duzu eta hori transmititu, energia, biodinamika... hori da nekazaritza biodinamikoa. Landareak zer behar duen sentitu, hori bizi beharra dago.

Lurra da planeta honetako eskuzabal eta esker-onekoena, lau elementuak, lurra, ura, argia eta haizea. Lurra ezinbestekoa da, gu joan egingo gara eta hemen ez da ezer gertatu! Guztiok joango bagina paradisua izango litzateke eta gauza bakoitza bere lekura bueltatuko litzateke.

Badira 45 urte gauzak beste modu batera egiten hasi nintzela, 70. hamarkadan ekin nion eta pixkanaka-pixkanaka lan egiteko modua joan naiz garatzen... Astigarragara Iruñean nituen 7 trailer konpost ekarri nituen eta dagoeneko bi urtez konpost horretatik bota diot lurrari.

Nola lortzen duzu jendearengana heltzea?

Orain dela 45 urte egin nituen bezeroak Iruñean... jendeak baratza bisitatzen zuen eta nire lana baloratu zuen, beste modu batera, ezin izango nuen hau dena egin... taldea egin behar da, ekoizle eta kontsumitzailearen artean. Iruñean lortu genuen, jendeak baratza eta Agustin ezagutzeko interesa

zuen... baratzean sartu eta nik bertan erakutsi eta azaltzen nizkien gauzak... flipatuta geratzen ziren. Sari hoberena egindako lana baloratzea da, ez da diru kontua balorazio kontua baizik.

Bezeroek bazekiten nik letxugari prezio bat jartzen nionean ez zela dirua egiteko, honetan jarraitu ahal izateko baizik. Nik ez dut esaten denok letxugak

landatu behar ditugunik, baina bai landarearen prozesu osoa ezagutu beharko genukeela, lurrean jartzen dugunetik biltzen dugun arte. Nola ematen

zaio bizitza lurrari, jana emanaz, nola elikatzen da gizakia, jana emanaz... ez du garrantzirik eguneroko menuak, baizik eta kalitatezko elikagaiak izatea.

Nik nire gorputzarekin egiten dudan berdina egiten dut lurrarekin, biodibertsitatea sortu... denetik jan ondo elikatzeko. Jende gehienak artifizialki eta

ongarri kimikoekin egindako letxugak erosten ditu eta nik baserriko letxugak eramaten ditut azokara, egia esan gaizki sentitzen naiz, gogoa kentzen

zait... barazkiz beteta merkatura joan eta produktu gehienekin etxera bueltan etorri behar izatea. Jendeak ez du kontzientziarik, baina irudi batek mila hitz baino gehiago balio du, hitzak haizeak eramaten ditu... edozerrekin konformatzen ez denak azkeneko zokoraino joango da. Iruñean barazkiak jateko kultura gehiago dago.

Trabak ezagutu arren zergatik erabaki zenuen zure ekoizteko moduarekin jarraitzea?

Guztia gainera etorriko zitzaigula pentsatzen nuen, lurrari bizia kentzen ari ginen eta ari gara, ez gara lurra zaintzen ari, lurrari eman baino gehiago,

kentzen ari gara. Nik guzti horren kontra joan nintzen, adineko jendeak nire lana baloratzen zuen eta esaten zidan “Agustin, hau iraultza da”. Ez dakit hau iraultza izango den edo ez, baina nire kontzientziak hau egin behar dudala esaten dit. Beti nago seguru nire buruaz... gainera lur zati bat edukita ez zait ezer faltako, gutxirekin ondo bizi daitekeela ikasi behar da. Hainbeste gauza ez da beharrezkoa, lurretik ateratzen duguna kalitatezkoa bada...

Guztiak hartu duen abiadura ikusita, jendea bapatean gelditzera behartu beharko litzateke, muturrekoa jaso dezaten! Buruak eta bihotzak elkarrekin

joan behar dute, orekatuta eta modu honetan ez gara lasterka ibiliko.