argia.eus
INPRIMATU
Aguraingo araztegiaren egoera kaskarra, langileen baldintzak kaskartuz konpondu?
  • Azken isurketen ondorioz sorturiko eztabaidan iritzia eman dute langileek. Salatu dute guardiak eginarazi dizkietela baldintzak negoziatu gabe eta zerbitzu horrekin ezin dela “makinen funtzionamendu txarra estali”.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2017ko abuztuaren 31
Araztegiko ura zuri, udako isurketa batean (argazkia: Kike Fdz de Pinedo Twitter bidez)

Zadorra ibaian Dulantzi eta Aguraingo araztegiek maiz egiten dituzten isurketa kutsakorren eskandaluak erantzukizuna erakunde eta enpresa batetik bestera igaroarazi du. Arabako Foru Aldundia, URA sozietatea eta enpresa esleipendunak dira tartean.

Araztegia mantentzeaz arduratzen den enpresako langileek ohar bidez salatu dute eztabaida horretan eurak ere kalteturik irten direla, “zuzenean ari gara pairatzen problematika hau”.

Isurketak aspaldikoak dira, bain auzia pasa den maiatzean azaleratu zen, auzotar batzuek isuri kutsakorraren berri eman zutenean. Konponbide gisa, enpresa eta erakundeek adostu zuten guardia edo erreten zerbitzuak ezartzea 24 orduz, astelehenetik igandera.

Langileek azaldu dutenez egunean 8,66 euro baino ez diete ordaintzen horren truke: “Erretenak egiteko agindua egun batetik bestera komunikatu ziguten, ordutegiak eta baldintza ekonomikoak negoziatu gabe”, diote.

Euren ustez, gainera, erretenak ez dira irtenbidea araztegiek ez dituztelako alarma sistemak instalatuta eta segurtasun neurriak oso prekarioak baitira: “Erreten zerbitzu bat ezohiko arazoetan aritzeko izan behar litzateke, eta ez araztegiko makinen funtzionamendu txarra estaltzeko”. Egoera horrekin euren lan baldintzak are gehiago kaskartu direla salatu dute.

“Arabar eta ekologistak garenez eta gure ibai eta urtegiak egoera onean egotea nahi dugunez”, araztegian inbertsioak egin eta aldaketak egitea eskatu dute langileek.