Martxoaren 22an Korrika Orioko karrikak zeharkatuko dituen arren, oriotarrek birritan ospatuko dute Korrika. Martxoaren 28an Agurainen izanen dira Arabako Lautadako euskaltzaleei “arnasa” emateko asmoarekin.
50 oriotar bildu nahi dituzte Agurainera Korrikan parte hartzera joateko. Ekimenak barrura begira duen garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek: “Herritarrak konturatu behar dira zer nolako ardura den arnas gune bateko euskal hiztun izateak”.
Zabaldu arnasa korrika dinamika martxan jarri dute Orioko Curriculuma Sortzen taldekideek. Izan ere, curriculuma egiteko pausua ematean euskara Orion, inguru euskaldun batetan, edo euskarak hainbeste indar ez duen beste herri batetan irakastea ez dela berdina ondorioztatu zuten.
Orio euskararentzat arnas gunea dela diote adituek, oriotarrek euren egunerokotasunaren %90a arazorik gabe euskaraz bizitzeko aukera dutelako. Horregatik, euskaraz bizitzeko aukera handirik ez duten herrietara euskaraz bizitzeko aukera eta poza zabaldu beharra ikusi dute: “Guk funtzio bat bete behar dugu euskalduntzen ari diren herri eta hirietan euskaraz bizitzeko aukera eta poz hori transmitituz”.
Historia, tradizioa eta nortasuna besteak beste bildu nahi dituen proiektu pedagogikoa da Orioko Curriculuma, hezkuntzak herriarekin duen lotura zuzena azaleratu nahi duena. Euskararen aberastasuna sustatzeaz gain, oriotarrak euskaldun kontzienteak izatea du helburuetako bat. Auzolanean landutako proiektu honetan herriko ikastetxe, eragile, mugimendu eta talde ezberdinek hartu dute parte.