Hamabost urteko agintaldi ezkertiarraren ostean, martxoaren 1ean eskuinak hartuko du Uruguaiko agintaritza. Presidente berria Luis Alberto Lacalle Pou izango da, herrialdeko presidente ohiaren semea, eta jada 457 neurri iragarri ditu. Neurrion artean, greba eskubidea murriztea, poliziari botere gehiago ematea edota sindikatuen parte-hartzea murriztea.
Joan de urteko azaroan irabazi zituen hauteskundeak Luis Alberto Lacalle Pou buru zuen koalizio eskuindarrak. Frente Amplio [Fronte Zabala] koalizio ezkertiarraren hamabost urteko agintaldiari amaiera eman dio, eta alderdiak martxan jarritako neurri askoren aurkakoak hartuko dituela iragarri du.
Presaz aztertu beharreko legeak [Ley de Urgente Consideración] hiru foku nagusi ditu: ekonomia, hezkuntza eta segurtasuna. Ekonomiari dagokionez, Ancap Estatuko petrolio-enpresaren monopolioa deuseztatzea proposatu du. Baita nominak modu elektronikoz egin behar direla dioen legea kentzea ere, enpresarien eskuzko ordainketak ahalbidetuz.
Bestalde, hezkuntzako erabakitze-organoetan sindikatuek duten parte-hartzea gutxitzea proposatu du. Eta segurtasunaren alorrean, Poliziari botere gehiago ematea, edozein pertsona identifikatu dezan. Adin txikikoen kartzela zigorrak luzatzea proposatu ditu.
Kritikak sektore guztietatik
Laster heldu dira neurri horien aurkako ahotsak. Gizarte-mugimenduek nahiz sindikatuek aurre egin diete presidente berriaren proposamenei, askatasuna mugatzen dituztela salatuz. Berriki oposizioko postua hartu duen alderdiak, Frente Amplio ezkertiarrak herrialdeari “atzerakada handia” eragingo diola adierazi du.
Charles Carrera, Frente Amplio koalizioko senatariak, eldiario.es-i egindako adierazpenetan neurri horiek “antidemokratiko eta inkonstituzionalak” direla adierazi du, “457 larrialdi egotea onartezina” dela argudiatuz.
Gobernu berriak, bere aldetik, neurri hauek behin-behinekoak direla eta aldaketak onartuko dituztela azpimarratu du. Horrez gain, gizarte-sektore anitzetako eragileekin bildu direla adierazi du, proiektua osatu ahal izateko.
Akabo Uruguaiko oasia
2004ean heldu zen alderdi ezkertiarra herrialde amerikarreko gobernura, eta hamabost urtez eutsi zion, beste hiru hauteskunde irabaziz. Inguruko herrialdeetako “oasi” bezala ere definitu izan zuten batzuk, azkeneko urteotan Hego Amerikan ezkerrak izan duen atzeraldian ezkerra gobernuan mantentzea lortu zuelako.
Gobernuak hainbat neurri hartu zituen herrialdearen egoera hobetzeko. Horren adibide dira ekonomiaren gorakada (%67 hazi zen beren agintaldian) eta etxeko eta landa-eremuetako langileen erregulazioa. Horrez gain, pobrezia datuek ere behera egin zuten %19,3tik %2,7ra, Uruguaiko pobrezia Latinoamerikako baxuena bihurtuz. Osasun-sistema biztanleria ia osoari zabaldu zioten eta nominak modu elektronikoz ordaintzea legez derrigortu zuten.