argia.eus
INPRIMATU
Agur Esther Bejarano, Auschwitz-eko biziraule eta musikari antifaxista
  • Uztailaren 10ean Hanburgon hil da Esther Bejarano, 96 urteko rap abeslari antifaxista. Auschwitz-etik bizirik irtetea lortutako judutarrak, bizitza eman zuen arrazakeriaren, eskuin muturraren eta antisemitismoaren aurkako lanean eta Palestinako herriaren eskubideak ere defendatu zituen.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 13a

Carmela Negrete kazetariak idatzi du albistea El Salton. Esther Bejarano Auschwitz-eko komiteko lehendakaria eta Erregimen Naziak Jazartutakoen Elkarteko ohorezko lehendakaria zen. Ikastetxez ikastetxe aritu zen Alemaniako gazteei hitzaldiak ematen eta 2007an Microphone Mafia rap taldean parte hartzen hasi zen. Musika erabili zuen memoria historikoa zabaltzeko eta gerraren, eskuin muturraren, diskriminazioaren eta faxismoaren aurkako mezuak helarazteko.

Egungo faxismoa salatzen, azkenera arte

Urtarrila honetan, holokaustoa gogoratzeko egunean, Bejarano ARD telebistan agertu zen eta adierazi zuen Alemania eskuin berriaren mehatxupean bizi dela, eta berak nazien ondorengotzat dituela horiek: "Gutxi batzuk baino ez gara holokaustotik bizirik irten ginenak eta isildu egiten gara eta orduan gertatu zena kontatzen dugu. Hitzek ekintzetara eramaten dute. Guretzat jasangaitza da berriz ere nazien leloak entzutea eta sinagogak beste behin erasotu dituztela jakitea". Lehen gertatu zena berriz gertatu daitekeela ohartarazi zuen eta gazteei honela zuzendu zitzaien: "Ez duzue errurik lehen gertatu zen hartan, baina bai izango duzue zer gertatu zen jakin nahi ez baduzue".

Bideoan, Bejarano rap emanaldi batean:

Eraildako gurasoen alaba

Esther Bejarano 1924an jaio zen, judutar familian. Aita abeslaria eta irakaslea zuen. Gurasoak Lituanian erail zituzten 1941ean eta bera lan behartuen zelaian sartu zuten, eta ondoren Auschwitzeko exterminio zelaira deportatu zuten. Han koruan akordeoia jotzen zuen, eta horrek bizia salbatu zion. Gerra ostean Israelera emigratu zuen, eta opera kantu ikasketak egin zituen. 60ko hamarkadan Hanburgora itzuli zen eta geroztik Palestinako herriaren eskubideak defendatu zituen. Lehenik arropa garbitzeko denda zabaldu zuen eta ondoren arropa denda. NPD alderdi neonaziko manifestazio bat bere denda aurretik pasatu zen eta horrek eraman zuen ekintzaile antifaxista izatera.