argia.eus
INPRIMATU
Agur esango du Arizkun Rock jaialdiak: aurtengoa izango da azkena
  • "Lan-karga arras handia da hain antolakuntza txikiarendako", jakinarazi du ohar bidez Arizkun Rock jaialdiko antolakuntzak. "Ongi hausnartuta" hartu duten erabakia da: hamar urtez halako mailako ekimena antolatzeak eragiten duen nekea dago batetik; jarraipenik eta erreleborik eza, bestetik. Azken edizioa ekainaren 23an ospatuko da.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko martxoaren 07a

“Ez da bide erraza izan, oztopo eta traba ugari eduki arren, arras kontent eta eskertuta gaude proiektu hau aitzinera eramatea lagundu eta posible egin duzuen guztiekin. Eta modu pertsonalean, urte hauetan eraikitako esperientzia eta laguntasun hauek betirako eramanen ditugu gure bihotzetan”, jakinarazi dute komunikatuan. Esker oneko hitzak luzatu dituzte une batean edo bestean gehiago ala gutxiago laguntzeko prest egon den pertsona eta kolektibo orori.

"Horrela ulertzen dugu bizitza, dena hasi eta akitzen da, eta horregatik, hemen Arizkun Rocken bukaera"

“Ongi hausnartuta” hartu duten erabakia da: batetik, lan-karga “arras handia” delako “antolakuntza txikiarendako”, urte dezente iragan direlako eta “neke-puntua gero eta nabarmenagoa”; bestetik, aldiz, jarraipenik eta erreleborik ez dagoela zehaztu dute eta zikloa ixtea erabaki. “Horrela ulertzen dugu bizitza, dena hasi eta akitzen da, eta horregatik, hemen Arizkun Rocken bukaera”.

Autogestioa, oinarri

Arizkungo jendeak militantziaz eta ekimen propioz sortu zuen jaialdia duela ia hamar urte, eta ordutik erreferente izan da 600 biztanlera heltzen ez den herriaren bulkada agerikoa delako eta rock eta musika zaleei doan irekitzen zaielako bertarako sarbidea; ezohikoa da azken hori. Herriko gazteak arduratu izan dira antolakuntzaz, autogestioan oinarrituta, eta jaialdi txikia izanagatik ere sona eskuratu du bere horretan.

Aurreko edizioetako emanaldi-sorta:

2015eko ekainaren 19an: Sofokaos + Juantxo Skalari & Rude Band + Tirri & Tery

2016ko ekainaren 24an: Ze Esatek! + Ufestuek + Tirri & Tery

2017ko ekainaren 23an: Esne Beltza + Tirri & Tery

2018ko ekainaren 22an: Sofokaos + Kaotiko + Tirri & Tery

2019ko ekainaren 21ean: Nafarroa 1512 + En Tol Sarmiento (ETS) + Tirri & Tery

2020ko ekainaren 19an: (pandemiagatik ez bazen, ospatu behar zen egunean, jarraian erantsitako bideoa zabaldu zuten)

2021eko ekainaren 19an: Tirri & Tery + Jon Maia + Olaia Inziarte + Skabidean

2022ko ekainaren 24an: Drunken Barrels + The Lio + Skakeitan + Tirry & Tery