argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Agur ‘corralito’, agur!
  • Ferrazek baimena eman duenean adostu da zentsura mozioa Iruñean, PSOEk hauteskunde orokorrak irabazi eta Espainiako Gobernua lotu ondoren. Zurrumurrua bolo-bolo zebilen Iruñean, “urtarrilerako, otsailerako...”, baina oro har, bai EH Bildu bai PSN isilik mantendu dira azken unera arte.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko abenduaren 14a

Lehen aldia da PSNk EH Bilduko gobernu bat ahalbidetzen duena, baina ez da bien artean akordio politiko handi bat adosten duten lehen aldia. Aurreko legealdian EH Bilduk sostengatu zuen María Chiviteren Nafarroako Gobernua urtez urteko aurrekontuak adostuta, eta oraingo legealdian ere berdintsu ari dira. Leku askotan ematen den akordio egoera normalizatu da.

Ez zen maiatzean gauzatu Joseba Asiron alkate egiteko akordioa, baina urrian Tafallako alkate Xabier Alcuaz (EH Bildu) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari izendatu zuten PSNren botoekin. Horrek adierazten zuen aurrera begira bestelako ateak irekita geratzen zirela. Lehenago ere, 2019ko hauteskundeen ondoren “Agur Asiron agur” ospetsu hura pozarren jaurti zuen Maite Esporrín PSNko zinegotzia udaleko zerrendatik kanpo geratu zen. Etorkizuneko balizko akordioak errazagoak izango ziren horrela. Akordioetan, edo liskarretan, pertsonak ere garrantzitsuak dira.

Izan ere, Asironen 2015-2019 agintaldia desiatua bezain korapilatsua izan zen. Geroa Bai, Aranzadi, IU-EB eta EH Bilduk sostengatu zuten orduan gobernu akordioa, UPN eta PSN oposizioan utzita. Eta bloke berak, Uxue Barkosen Nafarroako Gobernuari eutsi zion. Aldaketaren legealdian tentsio une handiak izan ziren udalean PSNren eta EH Bilduren artean, besteak beste ikurrina edo udalak 0-3 urteko haur eskoletan irekitako euskal lerro berriak tartean.

Baina akordio ugaritarako legealdia ere izan zen hura, eta UPN bakarrik geratu zen. Eta are isolatuago 2019-2023ko legealdian, non Enrique Mayak bere bakardadean kudeatu behar izan zuen alkatetza, gainerako alderdien oposizio bateratuaren aurrean. Datorren zentsura mozio hau, beraz, ez da atzo gauean kozinatutakoa, ezpada azken hamarkadan arbolan apurka heldu eta orain erori den sagar heldua. UPNren eta PSNren bi hamarkadatako corralito-a lurperatu duen azken lur palakada ere bada.

UPNren bakardadea

2021etik aurrera UPNk ezin izan du aurrekonturik atera Iruñeko Udalean eta Cristina Ibarrolak 23tik gora bozketa galdu ditu. Halaber, Javier Labairu, María Caballero eta Carlos Salvador UPNko zinegotziak gaitzetsi ditu udalbatzak. Eta gai ugaritan atzera aurrera ibili da alkatea, esaterako Iruñeko Sanfermin Txiki jaietako komunak zirela edo Zangoza kaleko aparkalekua. Hamaika zinegotziren sostenguarekin (UPNko 9 gehi PPko 2), Ibarrolak oposizioko murruaren aurka egin du etengabe (EH Bildu 8, PSN 5, Geroa Bai 2 eta Contigo-Zurekin 1).

Egoera horren aurreko erantzun logikoa izan da zentsura mozioa. Ondorioz, UPNk PSNrekin harreman guztiak hautsi ditu eta Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federaziotik atera da, noiz eta UPNko buru Javier Esparzak duela lau egun gobernu akordioa eskaintzen zionean PSNri. Amnistiaren lurrikaran eskuinak eta eskuin muturrak Espainian izandako jokaeraren ildotik erantzun du UPNk orain, PSOEri terroristekin, ETAko kideekin, adostu izana leporatuta, eta kaleak hartzeko dei eginda.

UPN alderdi bozkatuena da Nafarroan, indar handia du, baina gero eta gutxiago, eta egoera larria bizi du PPren bultzadaren aurrean. Azaroan egin zuen urteko biltzarra eta, egunotakoa ikusita sinesgaitza bada ere, Esparzak PSN eta Geroa Bairekin gobernua osatzeko moduko zentrorainoko bidaia proposatu zien alderdikideei. Udaberrian dute kongresua eta seguruenik han bukatuko da Esparzaren bidea eta, beharbada, han hasiko Ibarrolarena UPNko buru gisa, nahiz eta ezin den ahaztu Tuterako Alejandro Toquero ere hor dabilela alderdia gidatzeko izenen dantzan.

Zentro aldean PSNk ihes egin dio UPNri eta eskuinean, Sergio Sayas eta Carlos Garciá Adanero zapadore, PP eremua jaten ari zaio. Amnistia Legearen aurkako Iruñeko mobilizazioetan argi ikusi da hori, PPk egin ditu deialdiak eta UPNko jarraitzaileak haren banderapean atera dira kalera. Orain, zentsura mozioaren aurka deitutako agerraldiekin, kalea berreskuratu nahi du UPNk.

Iragan uztailean PSNk irabazi zituen kongresurako hauteskundeak Nafarroan, bigarrena EH Bildu izan zen eta UPN hirugarrena. Tamainako umiliazio elektoralik ez du inoiz jasan UPNk. Eta orain Iruñeko udala, UPNk gobernatutako azken instituzio handia. Ez da erraz irensteko egoera.

Esparzak ETArekin erantzun behar izana adierazgarria da. Oraindik orain, ETArena Espainian saltzen duen mezua indartsua bada ere, Nafarroan gero eta anakronikoagoa da. Gatazkaren hainbat ondorio hor daude oraindik gizartean atzera aurrera, dudarik gabe, baina haren arrastoak beste era batera ari dira bideratzen, EH Bilduren eta PSNren akordioak argi erakusten duen moduan.

Azken finean, Iruñeko herritarren gehiengoak kaputxaduna beharrean Joseba Asiron ikusten dute berriz aginte makila hartzeko prest, ideietan gertuago edo urrutiago egon, Iruñeko eremu aurrerakoian begirunea irabazi zuen alkatea. Abenduaren 28an gauzatuko da zentsura mozioa, 1979tik Iruñean gertatuko den lehena, eta bide berri baten hasiera ere izan daiteke, esperimentua oparoa bada, oraingo legealdian edo hurrengoan Nafarroako beste udal batzuetara ere hedatuko baita.