argia.eus
INPRIMATU
Agur, amona
  • Urtebete zeraman alabak bere amona ikusi gabe. Bartzelonakoa amona, alaba eta biok, ordea, Donostian bizi gara. Urtean behin bisita egiten saiatzen ginen, Aste Santuan, normalean.

Lorena Gómez 2020ko irailaren 21a

Baina, aurten, etxean sartuta pasa ditugu udaberriko oporrak, baina, hori bai, telefonoz hitzegiten zuten biek askotan: “Lasai, amona, udan joango gara zu ikustera eta” esaten zion behin eta berriz alabak. Uda iritsita normaltasun berrira egokitu behar. “Kontuz, umea, gaztea zara, baina arduraz jokatu. Diotenez, gazteak zarete, oraingoan, zorioneko birusa alde batetik bestera garraiatzen ari zaretenak. Maskara jantzi, lagun gutxirekin ibili. Ez ukitu lagunak, ez besarkatu, ez hurbildu... Kontuz, maitea, ez edan, ez dantzatu, ez abestu, bederatzietarako etxean egon...”.

"Alaba triste dagoela dio, egiteke ziola bisita amonari. Negar egin dugu eta haserretu egin gara, egun batetik bestera ezerk ez duelako zentzurik. Gaztetxoari eta zaharrari elkarrengandik hurbil ez egoteko esan diegu"

Amonarekin telefonoz aritu izan da uda osoan zehar: “Lasai, amona, ikusiko dugu elkar Gabonetan, ahal bada. Amak dio hobe dugula itxoitea, zaharrak zarete amona; ni, aldiz, gaztea, eta birusa zure etxera eraman omen dezaket, maite zaitut, amona”.

Herenegun, izebaren deia jaso genuen. Amona joan zaigu. Bihotzekoa, bat-batean. Ez dakigu noiz eta nola esango diogun agur, pandemian gaude, ez dakigu zenbat pertsona elkartu ahal izango garen hiletan. Amona joan zaigu, espero ez genuenean, abisatu gabe.

Alaba triste dagoela dio, egiteke ziola bisita amonari. Negar egin dugu eta haserretu egin gara, egun batetik bestera ezerk ez duelako zentzurik. Gaztetxoari eta zaharrari elkarrengandik hurbil ez egoteko esan diegu. Bai, egia da, arduraz jokatu dugu, baina hitz hauek idatzi behar nituen, bihotzak agintzen zidalako.