argia.eus
INPRIMATU
Pettan Prebende, laboraria
“Agroindustriarentzat pentsatu araudiak dira eta emeki-emeki hiltzen gaituzte”
  • Azken urteetan errepikatzen den gaitza dute hegazti gripearena laborariek. Frantziako Estatuak bideratu aterabideak –hegazti guzien hilketa prebentiboak eta kabalak barnean atxikitzea– gogorki gaitzesten ditu ELB sindikatuak. Egoeraren larritasunaz ohartarazteko eta bestelako aterabideak galdatzeko manifestazioa antolatu du larunbaterako, Donapaleun. Pettan Prebende laborari gaztearekin hitz egin dugu. Argi du: kanpoko hazkuntza ez da epidemiaren erruduna eta laborantza eredu agroindustriala da oinarrizko arazoa.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko uztailaren 07a
ELBko hegazti hazleek egindako prentsaurrekoa, uztailaren 7an. Pettan Prebende, ezkerretik hasita lehena. Argazkia: J. Berhokoirigoin

Hegazti gripearen epidemia urte osokoa bilakatu da.

Iazko udan segitu zuen garatzen birusak, batez ere hegazti hazkuntza biziki-biziki garatua eta intentsiboa den eskualdeetan (Vendee eta Deux-Sevres departamenduetan, adibidez). Orain arte neguko eritasuna zena udan ere agertu zaigu.

Estatuak beste behin logika berarekin segitzen du eta gainera neurriak gogortuz.

Kabalak barnean atxikitzera behartu gintuztelarik, zioten epe labur batentzat zela. Lehen kabalen preso sartzea hiru hilabetekoa baldin bazen, orain kasik urte guzirako da. Hiltze prebentiboen kasuan berdin. Gai biziki teknikoa da eta eremuen ala hegaztien arabera ez dira guzientzat baldintza berak, baina erran daiteke hamar kilometroetatik hogeita hamar kilometroetara zabaldu dutela hiltze prebentiboen eremua –kutsatze kasu bat agertuz gero, inguruko hegazti guziak hiltzen dituzte–. Guk berez hiltze prebentiboa gaitzesten dugu; baina gainera, eragin positiborik ez duela frogatua da, aldi oro berriz agertzen delako epidemia. Hegazti gripeari begira Estatuak duen kudeaketa osoa dugu gaitzesten.

Desobedientziaren hautua egin duzue hainbatek: kanpoan utzi dituzue kabalak. Administrazioaren partetik gutuna jaso duzue.

Arauetan sartzeko, hau da kabalak barnera sartzeko hiru eguneko epea genuela zioen gutuna errezibitu genuen. Iazko urte bukaeran pasa ziren kontrolatzeko, etxaldez etxalde. Guk ez genituen ikusi, baina pasa ziren eta oiloak kanpoan ikusirik, gutuna bidali ziguten. Gure taldeko hiruk ez diegu erantzun eta bigarren gutun bat errezibitu dugu, mehatxatuz, isuna edota lan egiteko debekua ukan dezakegula abisatuz. Ondotik sartu ginen berriz harremanetan prefetarekin eta gure argumentuak bidaltzea galdetu zigun. Bidali genien eta orduz geroztik ez dugu berririk. Lainopean gabiltza. Zaila da ere prefeta berria delako; iazko neguan negoziatzen aritu ginen, ustez gauza batzuk aitzinatu ziren, baina bapatean badoa, beste bat heldu da eta dena berriz hasi behar da. Zaila da.

Kezkatuak zarete.

Bai. Uda da, momentuko ez da kasurik, baina udazkenarekin birusa berriz heldu bada, orduan berriz egoera beltzean izanen gara.

Bi laborantza ereduren talka pairatzen duzue.

Betikoa da. Arauak eginak dira agroindustriarentzat. Biosegurtasunari segi, espazio ezberdinen artean aldatu behar ditugu jantziak, autoa desinfektatu behar dugu… Agroindustriarentzat pentsaturikoa ezin da aplikatu gure etxaldeetan. Egunean bizpahiru aldiz ateratzen naiz arraultzeak banatzeko, adin ezberdinetako oiloak ditut… ezin dut aldi oro jantziz aldatu ala autoa desinfektatu. Agroindustriaren aldeko araudiak dira eta emeki-emeki hiltzen gaituzte. Guk lan egin nahi dugu, bizi nahi dugu.

Etxaldeak desagertzen ari dira...

Hasteko, badakigu laborantzan ez dela beti segida bermatua, baina hegaztien hazkuntzan oraindik larriagoa da egoera. Gure inguruan ageri da: erretretatik hurbil direnek uzten dute hegazti hazkuntza, eta gazteak ez dira abiatzen, sobera beldur direlako araudiez. Alta, elikadura behar aldetik, eskas handia badugu Euskal Herrian, baina testuinguruarengatik guti gara laborantzari lotzen. Etxaldeak husten dira eta betikoa, toki hori agroindustriak hartzen du.

Zertan da txertoaren aukera?

Ez da sobera argi. Txertoa iduriz prest da. Jakin behar da industria orain arte kontra zela, hegaztia txertatzeak debekatzen dielako herri batzuetarako esportazioa. Iduriz orain prest litzateke. Baina nola aplikatuko lukete? Hori da gure arrangura. Momentuko, diote txertoarekin ere kabalak ezingo direla atera eta biosegurtasuna ez baduzu errespetatzen txertorik ezingo duzula ukan. Berez txertoa laguntzeko tresna bat izan daiteke, baina erabilpen baldintzei eta arauei begiratu behar zaie, zinez lagungarria den ikusteko. Eta nork pagatuko luke? Kario izanen da eta ez badu estatuak pagatzen, orduan laborariak ezingo du pagatu. Oraingoz deus ez da argi. Administrazioarentzat txertoa da azken santza. Dena entseatu dute eta ez dute lortu, beraz txertoan jarri dute esperantza. Guk diogu dentsitatea ttipitzen ez deino, arazoa ez dela konponduko.

Larunbaterako manifestazioa antolatu duzue.

Jende anitz hurbiltzea espero dugu. Hautetsiak ere interpelatzen ditugu, ardura bat badutelako, eta bistan da, kontsumitzaileak ere. Ez da pentsatu behar txantxetan edo gezurretan ari garela: egiazki, legea ez bada aldatzen kanpoko hazkuntzaren bukaera izanen da.

Agroindustriako lobbyek entzunak izaten segitzen dute: “kanpoko hazkuntza” izendapena baliatzeko baldintzak geroz eta arinagoak dira.

Hortan bada paradoxa handi bat. Ingurumen arazoak direla eta, jendea kontzientzia hartzen ari da, beste manera batez kontsumitu nahi da, beste laborantza eredu baten gogoa sendi da –ekologikoa, herrikoia, kanpoko hazkuntza,…– eta aldi berean, legea alderantziz doa. Laborari geroz eta gutiago gara eta diren horiek geroz eta handiagoak dira.