argia.eus
INPRIMATU
Palestinako Hazien Liburutegia
Agroerresistentzia okupatutako lurraldeetatik
  • Elikadura burujabetzaren aldeko mugimendua autodeterminazioaren aldeko borrokarekin zuzenean lotua egon da eta dago Palestinan. 1948an Israel kolonizazio prozesuarekin hasi zenetik, milaka izan dira haien lurretatik kanporatu dituzten nekazariak: mendez mende, belaunaldiz belaunaldi, zaintzen eta lantzen zituzten lurretatik kanporatuak; oinarrizko elikadurarako aukera ematen zieten lurretatik kanporatuak. Egungo sarraski betean ere, ikusi ditugu soldadu israeldarrak olibondoak erretzen eta nekazariei haien lurretarako sarbidea mozten. Ez da kasualitatea. Lurrak lapurtzearekin batera, elikadurarako autonomia lapurtzen baitiete.

Garazi Zabaleta 2023ko azaroaren 20a
Vivien Sansour haziak eskuan, Palestinako Hazien Liburutegian. Argazkia proiektu horren webgunekoa da: https://viviensansour.com/Palestine-Heirloom

“Ramala inguruan herritar guztiak nekazariak ziren 70eko hamarkadara arte. 1975ean, lehen herritarrak lurrak utzi zituenean fabrika israeldar batean lan egiteko, traiziotzat hartu zen. Baina, pixkanaka, diru azkarra irabazteko aukera zenez, nekazari gehiago lurrak uzten eta fabriketara pasatzen hasi ziren”, azaldu du Saad Dagher Ramalako nekazariak Equal Times-eko erreportaje batean. Nekazari palestinar ohiak mugaz bestaldeko eskulan merke bihurtzearekin batera, Palestina Israelgo merkatuaren kontsumitzaile eta "menpeko" bihurtu zen pixkanaka. “Ekoizle izatetik kontsumitzaile izatera pasatzen gara, eta ba al dago modu hoberik norbait menderatzeko kontsumitzaile bihurtuz baino?”, zioen erreportaje berean Vivien Sansour ekoizleak.

Palestinako Hazien Liburutegiaren bultzatzailea da Vivien Sansour. 2014an hasi zen "agroerresistentzia" bezala izendatzen duen proiektuaren oinarriak jartzen. “Gure haziak katalogatzea eta babestea erresistentzia forma bat da niretzat, eta bereziki garrantzitsua da okupazio israeldarraren pean bizi diren Zisjordaniako palestinarrentzat”, zioen. Palestinako 47 hazi tradizional desagertzetik salbatu dituzte hazien liburutegiko kideek, eta Zisjordaniako Battir herriko gunean bildu dituzte guztiak. Hazien Liburutegia, gainera, hurbileko nekazarien topagune bihurtu da urteotan.

Gosearen gerra

Hona hemen 2022an, egungo sarraskia baino urtebete lehenago, Palestinako elikadura burujabetzaren inguruan argitaratutako zenbait datu: Israelek du Zisjordaniako uraren kontrola eta azpiegiturak eraisten ari da etengabe; Gazako nekazaritza lurren %35 iritsezinak dira, eta 13.000 dunam –dunam bat 1.000 m2 dira– herbizidekin kaltetu dituzte; 1967tik, milioi bat olibondo baino gehiago kendu ditu Israelgo armadak, eta 2021ean, 1.600 zuhaitzen uztak hondatu edo lapurtu zituzten.

Azken asteotako sarraskiak milaka bizitza lapurtzearekin batera, autonomiaren aldeko bertako proiektuak ere kaltetzen ari da. Sarraskiaren beste ondorioak dira. Gazatik iristen zaizkigun bideoetan salatu dute: “Urik eta elikagairik gabe gaude, Gazako herritarrok gosez eta egarriz hiltzen uzten ari dira”. Vivien Sansourrek, mezu argia zabaldu du sare sozialetatik, urteotan haien proiektua bisitatu eta orain bizkarra eman dietenei: “Hazien Liburutegiko haziren bat eskuratu nahiean zaudetenei. Gure haziak gu gara, eta honezkero ez gaude erabilgarri zuen arima atsekabetuak baretzeko. Eta, garrantzitsuena, noizbait egon izanaz ere damu gara. Ez gara komunitatea, eta ingurumenarekiko zuen maitasuna zuen gorrotoaren itxurakeria besterik ez da. Hainbeste maite baduzu lurra, bueltan eman bere jendeari”. 

Gaiaz gehiago jakiteko hainbat iturri

- BBCko erreportajea

- Al Jazeerak Hazien Liburutegiaz egindako erreportajea ikus dateke bideo honetan: