argia.eus
INPRIMATU
Agroekologiaren alde egiteko dei egin du Egurra ta Kandela baserritar ekintza kolektiboak
  • Nekazaritza eta abeltzaintza “errotik” aldatzeko trantsizio agroekologikoaren aldeko elkarretaratzea eginen dute, hilaren 16an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

Olaia L. Garaialde 2024ko otsailaren 14a
Nagore Irazustabarrena ARGIA CC BY-SA

Elikadura osasuntsua izateko eskubidea, betebehar “burokratikoak" eta merkataritza libreko itunen amaiera, elikagai sistemikoen debekua, nekazaritza eta abeltzaintza “errotik” aldatzeko trantsizio ekologikoa emateko premia, eta beste aldarrikatu dituzte Egurra ta Kandela baserritar ekintza kolektiboko kideek. Gipuzkoako baserritar agroekologikoez osaturiko kolektiboak elkarretaratzea eginen du, ostiralean, 12:30ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, Donostian.

Gaur egungo eredu agroindustrialari kritika egin diote, eta besteak beste, nabarmendu dute merkataritza libreko itunek “gupidarik gabe” nekazarien arteko lehia sustatzen dutela, “azalera handiko” supermerkatuen eta elikagaien banaketa “oligopolioa” dela, eta nekazariek ez dutela erabakitzeko esku hartzerik.

Eredu agroindustrialari kritika egiteaz gain, Gipuzkoako instituzioen nekazaritza politikak ere kritikatu dituzte: “Gure proposamenak gutxiesten dituzten neurri berean, eredu industrialaren zutabeak dira”. Kolektiboko kideen arabera, erakundeek ezarritako “eskakizun burokratikoek” nekazariak itotzen dituzte eta familia eredua alboratzen dute: “Elikagai sintetikoen industria bultzatzen dute eta nekazaritza makro proiektuetan diru publikoa gastatzen dute”.

Larrialdi klimatikoarekiko kezka ere adierazi dute, eta horrek eragindako “ur eskasiak” eta “klima ezegonkortasunak” kalte “handiak” eragiten dizkietela.

Horregatik, uste dute agroekologia dela “desastre ekologikoari” irtenbidea eman, eta kapitalismoaren krisiari “hobekien” aurre egin dion eredua; “lan duina” eskaini, bertako kontsumoa sustatzeko zirkuituak sortu, ekoizle txikien kontsumo taldeetan edota kooperatibetan sareak josi eta baserritarren azokak indartuko dituena.