Apirilaren 17 Nekazarien Borroken Nazioarteko Eguna dela baliatuz eta “Egurra ta Kandela” izenpean, Gipuzkoako baserri agroekologiko batzuek dekalogo bat plazaratu dute. Hemen dago irakurgai eta atxikimendua emateko aukera dago berau sinatuta edo egurratakandela@gmail.com helbidera idatzita.
Dekalogo horretan, baserri agroekologiko horiek adierazi dute dagoeneko pairatzen ari direla klima aldaketaren ondorioak. Klima aldaketaren jatorria “gizakiok naturarekiko dugun harremanean” dagoela azaldu dute, haien hitzetan, natura “gure nahieran ustiatzeko dagoen plaza” moduan ikusten baitugu. “Baliabideen xahuketaren” ondorioz, “eskasia” pairatzen ari garela oroitarazi dute: gasolioa, gasa, mineralak... “Krisi ekosozialaren aurrean” egin behar dena “mundua ikusteko, pentsatzeko eta sentitzeko era” aldatzea dela diote: “Heldu behar dugu irudikatzera ongizate material gutxiagorekin, orain bezain ongi edo hobeto bizi ahal garela. Munduko mugak, eta bakoitzarenak, onartzea besterik ez zaigu gelditzen; onartu eta horiekin bizi eta lan egin”.
Azpiegitura “erraldoiek” krisia areagotu egiten dutela salatu dute eta “espazio naturalak behar-beharrezkoak ditugula egun geure burua elikatzeko eta babesteko, eta zer esanik ez ondorengoek, kontuan izanda klimaren aldaketaren lehen zantzuak baino ez ditugula ikusi”.
Horretarako, “politika eta estrategia eraginkorrak” bultzatzearen alde egin dute: “Pertsonek izan behar dute neurria eta ardatza; eta lortu beharko lukete komunitateek elikadurarako, osasunerako eta hezkuntzarako eskubideak ziurtatuta izatea”. Elikadurarako eskubidea ziurtatu ahal izateko, politika publikoek “ezinbestean jendea baserrietara eta lurrera bueltatzea” ahalbidetu behar dutela exigitu dute.
Nekazaritza eta abeltzaintza agroekologikoak babestu eta bultzatu behar direla defendatu dute, “eredu agroekologikoak bakarrik aukera ematen duelako lurrarekin, animaliekin eta pertsonekin bat eginez lan egin eta bizitzeko; beti ere natura errespetatuz”.
Horren aurrean, “tamaina handiko eta hiperteknologizatutako baserriak alboratu” behar direla diote eta “baserri txiki anitz –jarduerei eta saretzeari begira– asko bilatu”.
“Gure herrikideak elikatzeko konpromisoa dugu” berretsi dute; “komunitatea eraldatzeko ekarpena egiten dugu, kide guztiok ongi bizitzeko”. “Baserriaren espazioek inguruko biodibertsitatearen laguntzailea eta parte izan behar dute” Egurra Ta Kandela kolektiboaren hitzetan, eta lan egiteko moduaz zera adierazi dute: “Teknologia eta makineria neurriz erabiliz, jakinda pertsonak izan behar duela baserriaren neurria”.
Baserria “munduan egoteko modu bat” dela azaldu dute: “Baserria, euskara eta kultura bereizi ezinak dira. Hirurek, beste batzuekin batera, osatzen dute lur eremu honetan pertsonek, belaunaldiz belaunaldi, eratu duten munduan egoteko modua”. Munduko beste nekazarien borrokekin eta Euskal Herriko beste borrokekin harremanetan egonda baserri mundutik ekarpenak egiteko nahia adierazi dute: natura-taldeak, langileak, kultura, euskara, feminismoa...
Amaitzeko, baserria, mendia eta landa-eremua defendatzeko deia egin dute: “Sinergiak eratu behar ditugu gure jendarteko bestelako taldeekin; izan ere, horien defentsan lan egitea komunitate osoaren defentsa egitea da”. Eta maiatzaren 16an 11:00etan BEC atarian egingo duten mobilizazioan parte hartzeko gonbidapena zabaldu dute.