argia.eus
INPRIMATU
L'Atelier Paysan / Agroekologia eta teknologia burujabetza
Beren makinak kolektiboan eraikitzen dituzten nekazariak

Garazi Zabaleta 2021eko martxoaren 05a

Urtarrilaren bukaeran, Frantziako L’Atelier Paysan kooperatiba gonbidatu zuten Irulegira bertako ardoen sindikatuak eta Biharko Lurraren Elkarteak (BLE). 25 urtetik gora daramatza nekazaritza ekologikoa bultzatzen BLEk, laborariei formakuntza kolektiboak proposatuz eta jarraipen teknikoak eginez. Ildo horretan, duela hamar bat urte hasi ziren L’Atelier Paysan kooperatibarekin elkarlanean. “Baratzezain txikien talde batek sortu zuen kooperatiba: ikusi zuten profil horretako laborarientzat ez zela makina edo mekanizaziorik, baina aldi berean, haietako askok bazituztela baserrietarako egokituak ziren tresna autoeraikiak, besteentzat ere aproposak”, azaldu du BLEko Maite Goienetxek.

Makinak sortzen, elkarlanean

“Agroekologiara egokitutako makinak eta eraikinak asmatzen eta fabrikatzen laguntzen diegu laborariei, burujabetza teknikora bidean kolektiboki ekinez”, aurkezten dute haien burua webgunean. Izan ere, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren alorreko mekanizazioa multinazional handiek bultzatzen dute nagusiki, eredu produktibistara begira eta nekazaria ingenieriekiko eta puntako teknologiekiko menpeko bihurtuz. Kooperatibak eredu teknologiko horri kontra egin nahi dio bete-betean: ahalik eta modu sinpleenean sortzen ditu tresna, makina eta eraikinak, eta haien sorkuntzak eta ikerketak gainontzeko laborariekin modu librean elkarbanatzen.

“Tresnak modu sinplean daude eginak, altzairuz eta burdinez; ez dago robotikarik, guztia oso mekanikoa da”, dio Goienetxek. Autoeraikuntza eta kooperazioa da bidea, eta baserritarrak haien autonomia garatzeko ezagutzak konpartitzera animatzen dituzte. “Ekonomikoki ere balio handia du horrek, baserrietako ohiko makinak oso perfekzionatuak baitira, eta konponketek sekulako dirutza eskatzen dute”, gehitu du. Mota guztietako eraikin eta makinen planoak aurki daitezke latelierpaysan.org webgunean, edonorentzat erabilgarri. Agroekologiako teknologia txikien liburutegi handia da, laborariak beraiek etengabe elikatzen dutena, forora haien sorkuntzak eta ikerketak igoz.

Irulegiko arnogileek badute makina berria

“Haziak ereiteko makina bat eraiki nahi zuten Irulegiko mahastizainek, mendiko mahastiei egokitua egonen zena”, dio Goienetxek. L’Atelier Paysan kooperatiba gonbidatu zuten, eta lan-aste baten ondoren, gidariaren eta formakuntza praktikoa jaso zuten zortzi pertsonen artean amaitua zuten makina. “Haiek planoak eta materiala ekartzen dituzte, eta guk modu kolektiboan, altzairu meta batetik abiatuta, burdina mozten, soldatzen eta abar ikasten dugu. Azkenean, makina guk egina da, autonomoki eta modu kolektiboan”. Gerora, makina horrek arazoren bat duenean, erraza izanen zaie laborariei konpontzea, ongi baitakite nola dagoen egina.

Makineriaren eta orokorki eraikuntzaren alorrak oso gizonezkoena izaten jarraitzen duenez, hori ere kontuan izaten du kooperatibak eta nolabait buelta ematen saiatzen dira. “Erdiak emakumezkoak ginen formakuntza horretan, ekimenok parekideak izatea bilatzen dute”.