argia.eus
INPRIMATU
Agroekologia eta elikadura burujabetzaz ikastaroa antolatu dute Hegoa-EHUk eta EHNE-Bizkaiak
  • Baserrritik mundura: Gure Elikaduraren etorkizuna jokoan” darama izenburu, aurtengo urrian hasiko da eta 2018ko azaroa arte luzatuko 750 orduko ikastaroa osatuz. Kurtso zabal honekin antolatzaileek 30 pertsona trebatu nahi dituzte elikadura burujabetzan eta agroekologian, Hezkuntza Popularraren metodologien bitartez, nazioarteko La Via Campesinako formazio prozesuen ezaugarriei jarraituz.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko maiatzaren 11
Agroekologia eta elikadura burujabetzaz antolatutako lehen ikastaroko parte hartzaileak 2016ko udazkeneko saio batean Zerainen. (Argazkia: EHU)

Ikastaroan parte hartzeko eskaini diren 30 plazetatik, 15 emakumeentzako erreserbatuta daude eta 7 baserritarren erakundeentzako pertsonentzat eta aurre-matrikula egiteko epea maiatzaren 15etik ekainaren 30era luzatuko da. Antolatzaileen esanetan, honako pertsona eta kolektiboei begira antolatu da ikastaroa:

a) Euskal Herriko nekazaritza sektorean instalazio prozesuetan dauden pertsona eta baserritarrak.

b) Aktibistak eta mugimendu eta erakunde sozialetako pertsona liberatuak (nekazaritza sindikatuak eta euskal nekazaritza mugimendua, langileen sindikatuak, ekonomia sozial eta solidarioko erakundeak, kontsumo alternatiboko talde eta sareak, GGKE, kolektiboak eta sare feministak, gazte-sareak, eta abar).

c) Administrazio publikoan lan egin eta Elikadura Burujabetzari buruzko gaietan ari diren pertsonak (lurraren antolamendua, landa garapena, tokiko garapen ekonomikoa, eta abar).

d) Elikadura Burujabetzan eta Agroekologian sakontzeko interesa duten Unibertsitateko eta Nekazaritza Eskoletako ikasleak.

e) Esparru desberdinetatik Elikadura Burujabetzaren praktikan aktiboki parte hartzeko borondatea duten pertsonak.

Orain ikastaroaren bigarren edizioa iragartzearekin batera, antolatzaileek bideo honetan bildu dute lehen edizioaren emaitza: