2015ean iritsi ziren Christian Varin bretainiarra eta Odile Fabrègue marseillarra Amikuzeko Amendüze-Unaso udalerrira. Baziren urte pare bat haien bizi-proiektua martxan jartzeko toki bila ari zirela bueltaka; Belgikan, Frantzian… hara non, Euskal Herriko txoko horrekin maitemindu eta bertan gelditzea erabaki zuten azkenean. Marine Jaunarena Ahalen Lurrak etxaldean aritu da lanean azken hilabeteotan eta berak eman dizkigu proiektuaren inguruko azalpenak. “Bost hektarea dituzte, bertara iritsi zirenean guztiz utzita eta zikinak zeudenak”, dio. Urteotako lanari esker, baina, ingurua biziberritzea lortu dute kideek, eta haien produktuak Donapaleuko azokan saltzen dituzte orain.
Kasu berezia da Ahalen Lurrak proiektuko kideena, izan ere, Fabrègue erretiratua dago, eta Varinek bi urteren buruan jasoko du erretreta. Bizitzako momentu horretan erabaki dute, ordea, etxaldea eta elkartea martxan jartzea. “Erotuta gaudela? Bai! Errebelde xamarrak garela? Zergatik ez?”, aurkezten dute haien burua, umorez, proiektuaren webgunean. Varinek bazuen harremana lurrarekin lehenago, 30 urtez behiak izan baitzituen. Fabrèguek, berriz, baratzegintza beti arlo sozialari begira landu du. Etxaldeko lanak ere bi alor horietan banatu dituzte.
Agroekologiaren eredua zabaltzeko asmoz, tailer eta formakuntzak antolatzen dituzte etxaldean, eta instalatzeko gogoa duten boluntarioak ere jasotzen dituzte. Fermes d’Avenir —Etorkizuneko Etxaldeak— proiektuaren parte ere badira, eta bertako Compagnonnage programan parte hartzen dute. “Laborantzan instalatzeko gogoa duen frantziar batek eta errefuxiatu batek osatutako hiru bikote jasotzen dituzte etxaldean, bikote bakoitza bi hilabetez”, dio Jaunarenak. Helburu bikoitza du programak: errefuxiatuen gizarteratzea laguntzea, eta aldi berean, bi boluntarioak agroekologian formatzea.
Sistema zirkular bezala ulertzen dute agroekologia proiektuko kideek, eta horrela antolatzen dituzte etxaldeko elementuak: baratzea, fruitu-arbolak, basoa, animaliak, landare jangarriak… “Esaterako, mintegi bat dute martxan landare ttipiak ateratzeko, eta negutegi horretan arditegia ere badute. Helburua da negutegia animaliek berotzea, kanpoko energia iturriak erabili beharrean”, dio Jaunarenak. Modu berean, ur putzuak ere sortu zituzten baratzearen goiko partean, eta tutuen bidez ura baratzera jausten da, mantxo-mantxo ureztatuz eta euri ura aprobetxatuz.
“Azkenean, agroekologiaren oinarria sistema bere osotasunean pentsatzea da, etxaldean edozer sartzen dela, beti begiratzea zein leku hartzen duen eta zein eragin duen. Deus ez da kasualitatez gertatzen, elementu guztiak erlazioan dira”, gehitu du. Erdi-kasualitatez gertatu dena, Fabrèguek osatutako antzinako tomate barietateen bilduma da: haren anaiak hasi zuen bilduma eta berak eman dio orain jarraipena, eta honezkero 120 ale baino gehiago ditu. “Bakoitzetik bi landatzen ditu urtero, haziak berriz baliatzeko eta pixkanaka Euskal Herrira egokitzen joateko”.