argia.eus
INPRIMATU
Agoizko epaitegiak atzera bota du frankismoaren esklabuen salaketa
  • Agoizko epaitegiak atzera bota du Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraiki zuten 2.000 preso errepublikarren senitartekoek jarritako kereila. Epaileak dio, salatutako delituak preskribatu egin direla. Elkarte memorialistikoek epailearen jarrera salatu dute.

Euskalerria irratia @fm983irratia Haritz Pascual Garjon 2023ko abenduaren 29a

"Lerro bakar batean, salatutako gertakariak gerra krimen edo ta gizateriaren aurkako krimen moduan kalifikatu daitezkeen aztertu gabe atzera bota du epaileak frankismoaren esklabuen gaineko kereila" dio Memoriaren Bideak elkartearen oharrak. Elkarte honek eta Zaraitzun preso egondako 13 errepublikarren senitartekoek jarri zuten kereila eta Nafarroako UGT, CCOO, ELA, LAB, CGT, ESK, EHNE, Steilas eta Solidari sindikatuen babesa zuen, baita Euskal Herri osoko hainbat udalen sustengua ere. "Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraikitzen egon ziren esklabuen lana gerra presoen inguruko Genevako 1949ko hitzarmenaren 3. eta 4. puntuen kontra egiten zuen" azaldu dute salaketa jarritako kideek, "Epaileak gainera ez dio kasurik egin berriki estatuak onartutako Memoria Demokratikoaren legeak dionari".

Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraikitzen 2.000 gerra preso aritu ziren esklabu moduan lanean 1939tik 1941ra bitartean. Muturreko egoera bizi izan zuten beran: hotza, gosea, gaixotasunak eta soldadu frankisten tratu txarrak. Askok ez zuten gainbizitzerik izan.