argia.eus
INPRIMATU
Mikel Zabalzaren omenezko muralak terrorismoa goratzen du Espainiako Gobernuaren ordezkariaren ustez
  • Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, Carmen Albak, Mikel Zabalzaren omenezko eta torturaren aurkako murala ezaba dezan eskatu dio Agoizko Udalari, ahotsa.info atariak zabaldu duenez.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko maiatzaren 12a
Hilabete bateko epean mural hau kentzeko agindu dio Agoizko Udalari Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak.

Bere eskarian, Albak argudiatu du muralak terrorismoa goratzen duela. Honakoa dio Agoizko Udalera igorritako agiriak: “Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 2009ko uztailaren 7an emandako aginduaren arabera, ETA erakunde terroristarekin zerikusia duten ikur guztiak ezabatu egin behar dira (ETAko kideen argazkiak, anagramak edo aldeko mezuak dituzten pankartak eta kartelak, e.a.), haiek publikoki erakustea terrorismoaren gorazarre delitua izan daiteke eta”.

Ondorioztatu daitekeenez, Albak frogatutzat ematen du Mikel Zabalza, 1985ean Guardia Zibilak atxilotu eta hogei egunera Bidasoan hilik agertu zen orbaizetar gaztea, ETAko kidea zela, haren aurkako epaiketarik sekula egin ez bazen ere. Zabalzaren senideak –horietako batzuk Agoitzen bizi dira– oso haserre agertu dira hura ETAkidetzat jo izanagatik. Iragarri dutenez, ostiralean jakinaraziko dute, Agoizko Udaleko ordezkariekin batera, nola jokatuko duten Carmen Albaren eskariaren aurrean.

Agoizko murala antzeko beste bat egiteagatik Burlatan zortzi lagun atxilotu eta gero margotu zuten. Operazio hura ere Carmen Albaren aginduz egin zen. Orain, Espainiako Gobernuaren ordezkariak hilabeteko epea eman die Agoizko udal arduradunei ezabatze agindua betetzeko.