argia.eus
INPRIMATU
Agoitzeko Gamesa: enpresa bat deslokalizatzea eta xantaia egitea zer den
Juan Mari Arregi 2020ko uztailaren 09a

Lantegia ez dute itxiko ez sektore-krisiagatik, ez pandemiagatik, ez produktibitate txikiagatik. Argi dago. Talde horren mugimendu berri bat da, Nafarroan beste lau zentro baititu: logistikarako bi, Aratzurin eta Iruñean, prestakuntza-zentro bat Noainen, eta I+G zentro eta bulego nagusietako bat Sarrigurenen (Eguesibar). Beste 1.400 enplegu biltzen ditu denera.

Multinazionalaren erabaki horren oinarrian, zalantzarik gabe, deslokalizatzeko helburua dago, beste herrialde batean lan, logistika eta gizarte kostu gutxiagorekin, emaitzen kontua hobetzeko. Ez gehiago, ez gutxiago.

Gamesak Siemensekin bat egin zuen duela hiru urte, eta administrazio publikoen txalo guztiak jaso zituen, bai eta haien diru-laguntzak ere. Operazio horren ondorioz, Euskal Herrian egiten diren atzerriko inbertsio asko zalantzan jarri beharko lirateke, diru publikoa jaso eta lurraldea uzten baitute, irabazi gehiago edukitzeko baldintza hobeak aurkitzen dituztenean.

Ondo egiten dute Agoitzeko langileek beren enpleguak defendatzen, eta hobe lukete haiekin bat egitea multinazionalaren Nafarroako eta Espainiako Estatuko gainerako lankide guztiek. Jakina baita zer gertatu ohi den: lantegi batean hasitakoa, gauzak nola doazen, hurrengoekin jarraitzen dute.

Eta kontuz! Batzuetan, kapitalaren erabaki horiek xantaiak ere badira, azkenean, enpresaren erabateko itxierara iritsi gabe, enpleguak eta soldatak murrizteko, ez bakarrik lantegi batean, kasu honetan Agoitzen, baizik eta gero gainerako lantegietan. Multinazionalen estrategiarekin adi egon beharko dugu: deslokalizazioa eta xantaia.