argia.eus
INPRIMATU
Agnès Varda hil da, zinema frantziarreko olatu berriaren aitzindaria
  • 90 urterekin hil da Agnès Varda zine zuzendaria. Nouvelle Vague korronte zinematografikoko erakusgarri nagusienetako bat zelako gogoratuko du zinemaren munduak.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2019ko martxoaren 29a
Agnès Varda 2017an Zinemaldiko Donostia Saria eskuetan duela (argazkia: Zinemaldia).

Belgikan jaio zen Varda 1928an eta aitzindari bat izan zen. Bai artistikoki, 1960ko hamarkadan Frantziako zinemagintza berritu zuen Nouvelle Vague korrontearen barruan, baina baita bestela ere: ez da ahaztu behar bera izan zela garai hartako zinegile gazte berritzaileen artean emakume bakarrenetariko bat.

1955ekoa da Vardaren lehen filma, La Pointe courte. Kritikarien arabera, lan horretan dagoeneko Frantziako zinemaren olatu berriaren ezaugarriak ikus zitezkeen eta aurrea hartu zien gehiagotan aipatzen diren François Truffauten Les 400 Coups (1959), Alain Resnaisen Hiroshima mon amour (1959) edo Jean-Luc Godarden A bout de souffle-ri (1960) –ikusten denez, hirurak ere gizonezkoek zuzenduak: zinemaren historiaren genero-desbideraketez luze hitz egin daiteke–.

Zazpi urte geroago estreinatu zen bere lan ezagunenen artean beti aipatzen den Cléo de 5 à 7. “Dokumental subjektibo” gisa deskribatzen zuen Vardak: laurogeita sei minutu emakume gazte baten bizitzan, denbora errealean kontatuak. 2012an Canneseko jaialdiak berriz pantailaratu zuen, omenaldi gisa zinezaleen gozamenerako. Baina Varda ez zegoen autokonplazentzietarako: ordurako ia 84 urte zeuzkan, baina filmeko eszena batzuk akaso luzeegiak izan zitezkeela iradoki zuen, agian ez lukeela gaur egun muntaia bera egingo.

Harrigarria zen Varda, bai bere lanetan, bai jendaurreko agerraldietan. Duela bi urte Zinemaldiak Donostia Saria eman zionean berarekin hitz egiteko aukera izan zuten kazetariek hori nabarmentzen zuten, haren ohiz kanpoko izaera, bere lanean ere islatzen zena.

Zinemari eskainitako bizitza izan da Vardarena, filmak zuzentzeaz gain etxean bertan ekoizten baitzituen egindako lanak, Ciné-Tamaris produktoraren bidez. Jacques Demy zinegile eta bikotekidearekin batera jarri zuen abian ekoiztetxe hori eta Demy 1990ean hil zenean ere lanean jarraitu zuen.

Zinemaz gain, argazkilaritzan ere aritu zen bere ibilbide profesionalaren hasietan. Eta bide berriak bilatzeko ahaleginean, 2003tik aurrera artista bisual gisa ere lan egin zuen.