argia.eus
INPRIMATU
Trumpen asmoak zazpi puntutan
  • Lau urteren ostean Trumpismoa itzuli da Etxe Zurira, Donald Trump AEBetako 47. presidentea bilakatu da 78 urterekin. Hainbat deliturengatik zigortua izan den eta zenbait kausa irekita dituen lehen presidentea da. Hauteskunde garaipeneko hitzaldian, esan du “lelo soil baten pean" gobernatuko duela: "Egindako promesak, betetako promesak”. BBC hedabideak Trumpen agintaldirako asmoak zazpi puntutan bildu ditu, eta horien laburpena da hurrengoa.

Julene Flamarique 2024ko azaroaren 07a
Agiririk gabeko etorkinen deportazio masiboak

Hauteskunde kanpainan, AEBetako historiako deportazio masibo handienak promestu zituen errepublikazaleak agiririk gabeko etorkinen aurka. Hala, hainbat adituk BBCri jakinarazi diotenez, Trumpek agindutako deportazio masiboek arazo legal eta logistiko ugari ekar ditzakete, baita herrialdearen hazkunde ekonomikoaren geldialdia ere.

Esku hartzeak ekonomian

Paradoxikoa bada ere, merkatu librea bandera gisa duen herrialdeko presidente berriak ekonomian eskua sartuko duela iragarri du. “Inflazioarekin amaituko” duela, eta zerga-sisteman murrizketa erradikalak egingo dituela adierazi du. Eskupekoak zergetatik libre utziko ditu, gizarte segurantzari egin beharreko ordainketen gaineko zerga kenduko du eta sozietate zerga murriztu nahi du. Defizit komertziala murrizteko helburupean gutxienez %10eko muga-zerga berriak proposatu ditu atzerriko produktu gehienen gainean. Txinatik datozen inportazioek %60ko muga-zerga gehigarria jasan dezaketela ere esan du. Honen aurrean ekonomialari askok ohartarazi dute herritar arruntentzat prezioak nabarmen igoko direla.

Albiste txarra klimarentzat

Aurreko lehendakaritzan egin zuen gisa berean, klima aldaketarekin lotura duten arauetan ere murrizketak egingo ditu Trumpek. Azpimarratzekoa da 2016-2020 tartean aldaketa klimatikoari aurre egiteko neurri asko atzera bota zituela, eta Pariseko akordio klimatikotik ateratzen lehen herrialdea izan zela AEB. Automobil elektrikoei kritika zorrotza egin die, eta Bidenek horren kutsagarriak ez diren autoak bultzatzeko proposatu zituen helburuak ezeztatuko dituela ziurtatu du. Bestalde, energia kostuak murriztuko direlakoan, Artikoa bezalako eremuak erabili nahi ditu petrolioa ateratzeko.

Ukrainiako eta Gazako gudekin zer?

Ukrainiaren eta Errusiaren arteko guda ere aipatu du Trumpek, eta negoziatutako akordio baten bitartez  “24 ordutan” amaituko duela iragarri du. Hala ere, ez du zehaztu zeri egin beharko liokeen uko alde bakoitzak, bere ustez. Demokratek diote neurriek Vladimir Putin presidentea adoretuko luketela. Orokorki, AEB kanpo gatazketatik deslotu nahi du errepublikazaleak. Gazaren aurkako gerrari dagokionean, Israelen defendatzaile sutsua da Trump, baina ofentsiba militarra amai dezaten eskatu dio Netanyahuri. Libanon jazotzen ari denari amaiera emateko konpromisoa ere hartu du, baina ez du xehetasun gehiagorik eman.

Abortatzeko eskubidea?

2022an abortatzeko eskubide konstituzionala baliogabetu zuen Auzitegi Gorenak herrialde osoan, Trump lehen aldiz presidente izan ostean epaile kontserbadoreek gehiengoa osatzen baitzuten. Orain bere jarraitzaileen nahien kontra, abortua debekatzeko legerik ez duela sinatuko adierazi zuen Kamala Harrisekin izandako hauteskunde eztabaidan. Trumpek esan du AEBetako estatu bakoitzak erabaki behar dituela abortuaren gaineko legeak.

Kapitolioa hartzen saiatu ziren "preso politikoak"

2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioari eraso egin ziotenak “zapalartari” gisa definitu ditu, eta batzuk indultatuko dituela jakinarazi du. Biolentziaren ondorioz hainbat hildako egon ziren egun horretan, eta Trumpi egozten zaio jazotako istiluen ardura. Bertan zigortuak izan ziren ehunka konspirazionista “preso politikotzat” jo ditu presidenteak, eta horietako asko “bidegabeki espetxeratuta” daudela baieztatu du, nahiz eta aitortu duen “horietako pare bat, ziurrenik, kontroletik atera” zirela.

Bere aurka egin duen fiskala, etxera

Trumpek promestu du presidentzia eskuratu bezain laster “bi segundu baino gutxiagoan” kargugabetuko dutela Jack Smith abokatua, bere aurkako bi zigor ikerketa zuzentzen ari den fiskal beteranoa, alegia. Smithek Trump inputatu du 2020ko hauteskundeak baliogabetzeko ustezko saiakerengatik eta dokumentu konfidentzialak bidegabe erabiltzea egotzita. Errepublikazaleak dioenez, Smithek “sorgin ehiza politiko” batean sartu du.