José Ignacio Asensiok, ingurumen diputatuak, eta Markel Olanok, ahaldun nagusiak, erraustegi toxikoaren inaugurazioan esandakoari labur erantzungo diot.
Esan digutenez, orain dela bost urte, PNVk eta PSEk dena geratuta aurkitu zuten gobernura iristean, baina ez digute esan Eusko Jaurlaritzak eragin zuela gelditze hori, TMBk behar zuen baimena ez emateagatik. Honek kostu handia eragin du, 2016tik 2020ko otsailera arte diputazioko agintariek 47.600.000 euro gastatu dituztelako beste lurralde batzuetara hondakinak garraiatzen. Gainera, hondakinak kanpora eramaten jarraitzen dutenez, Asensioren beste gezur bat agerian gelditu da, arestian esan baitzuen Gipuzkoa lurralde autonomoa zela hondakinen gaian 2020an. Zehatz mehatz, martxoaren 20tik uztailaren 20ra arte Gipuzkoatik Bizkaiko Jatako hondakindegira, 5867 tona eraman dituzte. Are okerrago: erraustegi martxan egonda ere eta abenduaren 15ean Gipuzkoa hondakinen partzuergoak (GHK) sinatutako akordioaren ondorioz, hurrengo urtean –behintzat–hondakinak Bizkaira eramaten jarraituko dugu.
Geroago erraustegiaren modernitateari erreferentzia egin diote, Zubietakoa berria izateagatik Europako sistemarik aurreratuenetariko bat dela esanez, are gehiago, erraustegien artean eredugarria dela. Baina gauza batzuk ez dizkigute esan, adibidez, munduko toki askotan irtenbide desegokia izateagatik erraustegiak bertan behera jartzen ari direla: Argentinan, Australian, Irlandan, Italian 12, eta Espainiako zenbait tokitan ere bai (Nafarroan, edo Valentzian, eta Madrilen Valdemingomezekoa 2025ean itxiko dute).
"Olanok eta Asensiok diotenaren arabera, klima aldaketaren kontrako borrokan erraustegia baliogarria da. Baina, datuak kontsultatzen badira egiazta dezakegu esandakoa ez dela egia"
Modernitatearen gaiarekin jarraituz, esan beharra dago Zubietako erraustegiak frogaldi-epean sortutako kutsadura agindutako mailaren gainetik egon zela, arazoak eduki zituen partikula kontrolarekin eta nitrogeno oxidoarekin. Horrez gain, substantziarik kutsakorrenak modu jarraian neurtzen ez direnez inguruko lurrak eta elikagaiak etengabe kutsatzen dira.
Beste une batean, bai Olanok, bai Asensiok, Gipuzkoan lortutako birziklatze-tasarengatik harro agertu ziren. Hau harritzeko modukoa da, PNVk eta PSEk gobernatzen dituzten udaletan, batez besteko birziklatze-tasarik apalenak daudelako.
Bestalde, Asensio ingurumen diputatuak esandakoaren arabera, hondakinak hondakindegietan zaborra bilakatzen ziren eta orain, aldiz, bai TMBren bidez (%8) bai balorizazioaren bidez (%92) den dena aprobetxatzen da. Puntu honetan aipatu behar da, materialen errekuntza elektrizitatea sortzeko erabiltzen bada lortzen den eraginkortasun energetikoa oso baxua dela, %30ekoa gutxi gora behera. Prebentzioarekin, berrerabilpenarekin eta birziklatzearekin eraginkortasun energetikoa askoz altuagoa da. Errausketaren aurkako mugimenduaren datuen arabera, hondakinen %85 birziklagarriak edo berrerabilgarriak dira!
Azken ideia hau ekonomia zirkularrarekin lotu daiteke, materia erretzen badugu eskasak diren lehengaiak agortzen direlako: beraz, erraustegia eta ekonomia zirkularra kontrako kontzeptuak dira. Hondamendi honen ikurra Danimarka da, gero gehiena erretzeko (%80) hondakinen ekoizpena itzela da han, urteko pertsonako 781kg. Gainera, benetako ekonomia zirkularra indartu nahi izanez gero, gauza askoren artean produktuaren diseinuan ikertu behar da, objektu guztiak berrerabilgarriak edo birziklagarriak bihurtzeko, batez ere. Honez gain, gogoratu behar da erraustegiaren eraikuntzak lanpustu ugariren sorrera eragotzi dituela, 7-39 aldiz gutxiago, eta gainera hondakinak erretzen dituzten udalen ordainagiria %30 garestitzen da.
Aurreko ideiarekin batera, Olanok eta Asensiok diotenaren arabera, klima aldaketaren kontrako borrokan erraustegia baliogarria da. Baina, datuak kontsultatzen badira egiazta dezakegu esandakoa ez dela egia, erretako hondakin tona bakoitzeko beste C02ko tona bat airera isurtzen baita. Adituen esanetan, kantitate altu hau murrizteko, lehen eraginkortasun energetikoarekin egin dugun moduan, Europak ezarritako hierarkia jarraitu behar da.
Beste momentu batean Asensiok Gurasosek epaiketa guztiak galdu dituela esan du, eta hau egia ez izateaz gain, Asensiori gogoratu behar zaio politikariak epaileak aukeratzen dituztela, bestela, ezinezkoa izango litzateke ulertzea ondo epaitu ez diren ustelkeria kasu ugari: De Miguel, Epsilon, purines Karrantza... edo Zaldibar eta Cabaseko kasu lazgarriak.
Ez dut bukatu nahi esan gabe gai honekin behin betirako bukatuko dela gauzak ondo egiten direnean. Niretzat behintzat, honetarako eta eraikita dauden egiturak kontuan hartzen, Gurasosen planak eta Toxiko Watch-ek egindako ekarpenak kontuan hartu behar dira.