argia.eus
INPRIMATU
Alba Garcia, SOS Arrazakeria
“Agintariak hartzen ari diren neurriek ez dute balio paperik gabeentzat”
  • Pandemia zein neurritan ari den migratzaileen kolektiboa kolpatzen, nola ari diren beraiek antolatzen egoerari aurre egiteko, beldur eta emozio garai hauek zein modutan hauspotu duten arrazakeria eta poliziak zenbateraino dituen hartuta migratzaileen auzo eta espazioak, horra Bilboko SOS Arrazakeriako kide Alba Garciarekin hitz egin ditugun gaietako batzuk. Irakaspena garbi du: salbuespen egoeran azaleratzen ari diren baliabideak presente izan ditzagun, etorkizunean ere aldarrikatzeko.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko apirilaren 05a

Koronabirusaren krisiak bereziki eragiten al die migratzaileei?

Bai. Ekonomikoki, askok beltzean egiten dute lan, paperik ez dutelako eta beste, eta beraz, agintariak hartzen ari diren neurriek (autonomoentzat, langabeziara doazenentzat…) ez dute eurentzat balio. Azpimarratu behar da beltzean ari direla ez beraiek nahi dutelako, legeak horretara behartzen dituelako baizik. Hiru urtez ilegal eta klandestinitatean aritu behar dute bai ala bai, eta hiru urte horiek pasata hasi daitezke errotuta daudela frogatzen. Pandemia egoera honetan, inongo babes ekonomikorik gabe geratu dira asko eta asko, manteroak esaterako. Adinekoen zaintzan ere emakume migratzaile ugari aritzen da; pandemiarik gabeko egoera batean kontratua duten zaintzaileek ez dute langabeziarako aukerarik (prekarietatea horraino iristen da) eta krisi honetan politikariei eskatzen ari zaizkie lanik gabe geratzen direnentzat laguntzaren bat, baina beste asko eta asko kontraturik gabe ari dira. Horiek ezer gabe geratuko dira!

Alegia, aurretik jada bazterreko zirenen egoera are okerragoa bilakatu da pandemia garaian.

Instituzioek, beraz, ez dute kontuan hartzen migratzaileen egoera beren neurrietan. Protagonistak eurak nola ari dira krisiari aurre egiten?

Erresistentzia kutxak sortu dira (Mbolo elkartearena kasu, Bilbon), diru-ekarpenak jasotzeko eta behar dutenen artean banatzeko. Jende batek, izan ere, ez du jana erosteko dirurik ere. Berdin alokairuarekin, argiaren fakturarekin… Pentsa etxe horietan seme-alabek nola jarraitu ditzaketen ikasketak, interneterako ere ez dute-eta.

Espainiako Estatu mailan, Arrazakeriaren Aurkako Larrialdi plataforma sortu dute eta elkarte eta kolektibo ugari gaude barruan, premia dutenentzako erresistentzia kutxak sortzen, baita zaintza sare antiarrazistak ere, sexu langileentzako baliabideak, inongo kolektibotan ez dauden migratzaileengana iristeko bideak…

“Arrazakeriaren Aurkako Larrialdi plataforma sortu dute, premia dutenentzako erresistentzia kutxak sortzeko, zaintza sare antiarrazistak, sexu langileentzako baliabideak, inongo kolektibotan ez dauden migratzaileengana iristeko bideak…”

Hori asko ari gara ikusten krisi honetan. Herritar sareak ari dira betetzen instituzioek utzitako hutsuneak.

Hala da, auzokideen artean ere handia da laguntza. Hemen Bilbon Elkartasun Sareak izenekoa jarri dute martxan, auzoz auzo. Edo San Frantzisko auzoan, esaterako, migratzaileek dituzten zenbait saltokitan kutxak dituzte, herritarrek dirua utzi dezaten, eta saltzaileak eurak arduratzen dira falta duenari jatekoa emateaz.

Portugalgo Gobernuak zuzenean legeztatu egin ditu herrialdeko paperik gabeak, batez ere osasun arreta jasoko dutela bermatzeko.

Guk dakigula inori ez zaio osasun arreta ukatu migratzaile izateagatik, baina inportanteak diren bestelako eskubide batzuk lortzeko aukera emango liekete paperek. Adibidez, errolda lortzea, hain gauza oinarrizkoa eta makina bat gestio egiteko beharrezkoa, gauza asko eskuratzeko sarbidea. Paperak dira baita ere modu legalean lanean aritzeko bidea, kotizatu ahal izateko, lan eskubideak izateko… Gobernuak jendearen egoera erregularizatzen laguntzeak erraztuko luke asko eta askoren panorama, baina harrituko ninduke gurean Portugalen pareko erabakia hartzea.

“Egunotan bizi dugun errepresio poliziala modu bat da berau legitimatzeko eta ondoren ere errepresio horri segida emateko”

Etxerik ez eta transitoan, bidean diren migratzaileen kasuan, zein da egoera?

Migratzaileentzako aterpeez gain, kiroldegiak eta bestelako espazioak prestatzen ari dira, bai bidean dauden horientzat, bai kalean bizi direnentzat, baina baldintzak ez direla onak ari dira salatzen: pilatuta dauzkatela, gela berean berrogeita hamar lagun, estresatuta… eta pixka bat arnas hartzeko aukera ematen dietenean (Errekaldeko kiroldegian futbol partidu bat jokatzera eraman zituzten), bizilagunek gogor iraindu zituzten. Baina ez da zentzuzkoa, bestela ere pilatuta daude, logela berean egiten dute lo, hiru dutxa dituzte denentzat… Bat kutsatzen bada nekeza izango da gainerakoak ez kutsatzea.

Bestetik, espazio horien militarizazioa handia da: polizia egunero dago horien bueltan.

Hain juxtu, pandemiaren aitzakian polizia-gehiegikeriak salatu dituzte herritarrek. Ziur migratzaileak direla gehien jasaten dituztenetakoak…

Bilboko San Frantzisko auzoa (migratzaile ugariren bizitoki) adibide garbia da: edonon eta uneoro dago polizia, egunero gelditzen dute jendea arrazagatik, eta gehiegikeria polizialak etengabeak dira. Poliziaren bultzadak edo irainak lanera doazenean… Nire auzoan jendea ogia erostera edo txakurra paseatzera ateratzen da eta ez dut poliziarik ikusten. San Frantzisko eta antzekoetan dagoen polizia erakustaldia izugarria da, gerran gaudela dirudi, jendea ikaratzea helburu balute bezala. Jakin badakigu bizilagun asko beldurtuta daudela, poliziak euren aurka har ditzakeen neurri errepresiboengatik. Ikusi igandean gertatu zena bertako familia batekin, emakume bati egin zioten erasoa. Emakume hori zuria izan balitz, buruan zapirik gabea, lehendakaria aterako litzateke hurrengo egunean adierazpenen bat egitera.

“CIEak ixten ari dira, ez giza-eskubideak urratzen direlako bertan, baizik eta mugak itxita eta inor erbesteratzeko aukerarik gabe, ez direlako baldintza legalak ematen”

Poliziaren gehiegikeriez ari garela, koronabirusaren krisiak bide eman diezaieke politika murriztaileagoei eta herritarrak kontrola areagotzeko mekanismoei. Baita behin pandemia gaindituta ere. Kolektibo zaurgarrienek pairatuko dituzte gehien?

Bai, polizia auzo eta leku jakinetan kontzentratzearen atzean estrategia politiko bat dagoen neurri berean. Egunotan bizi dugun errepresio poliziala modu bat da berau legitimatzeko eta ondoren ere errepresio horri segida emateko. Kolektibo eta kolore batzuek espaloia okupatzeak enbarazu egiten du, baina tabernetako terrazetan jende zuria garagardoak edaten egoteak ez.

Migratzaileak atxikitzeko zentroetan (CIE direlakoak Espainiako Estatuan, CRA Frantziakoan) jendea pilatuta dutela eta osasun larrialdi egoeran libre utzi ditzatela eskatu da. Espainiako Estatuan behintzat ari dira zentroak husten…

Bai, zentro batzuk dagoeneko itxita daude eta besteak horretan ari dira. Baina ez kontzientzia hartu dutelako giza-eskubideak urratzen direla bertan, baizik eta, mugak itxita eta inor erbesteratzeko aukerarik gabe, ez direlako baldintza legalak ematen jendea zentro horietan atxikita izateko.

Kontuak kontu, eskatzen dugu zentro hauek ixtea pandemiarik ez dagoenean ere, giza-eskubideen aurkakoak direlako argi eta garbi eta deliturik egin ez duen jendea atxilotuta daukatelako bertan, baldintza izugarrietan eta inongo babes juridikorik gabe.

“Pandemia baliatu da migratzailea kulpabilizatzeko: birusa ekarri dutela, kalean daudela eta birusa zabaltzen dutela, osasun arreta lehenengo bertakoei eskaini behar zaiela…”

Diskurtso arrazistak eta xenofoboak ugaritzen ari dira pandemia garaian?

Diskurtso arrazistak hor zeuden aurretik ere, badakigu, baina pandemia baliatu da migratzailea kulpabilizatzeko: birusa ekarri dutela, kalean daudela eta birusa zabaltzen dutela… Osasun arreta lehenengo bertakoei eskaini behar zaiela ere entzun dut (bertakoa zein den ere eztabaidatu beharko genuke, baina tira). Zoritxarrez, krisi garaian, non beldurrak eta emozioek rol inportantea jokatzen duten, jendeak errazago heltzen dio diskurtso mota horri.

Zein arrasto utziko du krisi honek etorkizunean? Gertatzen ari den guztitik, zer azpimarratuko zenuke?

Kolektiboek eta zerbitzu publikoek duten garrantzia argi geratzen ari da eta uste dut hori dela utziko digun mezu inportanteenetakoa. Pandemiak, gainera, azaleratu du zein baliabide ditugun: adibidez, kiroldegiak gauetik egunera egokitu dira kalean bizi den jendea hartzeko, bizitza zuriak arriskuan daudelako. Orduan, neguan hotz sasoian zergatik ez da halakorik egiten? Edo etxeko langileei diru-laguntza bat emateko gai bada orain Espainiako Gobernua, zergatik ukatuko die gero langabezia jasotzea? Presente izan behar ditugun kontuak dira, etorkizunean ere aldarrikatzeko. Azken finean, nahiago dut positiboan pentsatu, jende asko ikusten dudalako kontzientzia hartzen, lehen hain ageriko ez ziren errealitateak krisiaren ondorioz ezagutzen.

 

 

 

Alba Garcia