Espainiako Auzitegi Nazionalean ez aurkeztea erabaki zuten lau gazteak dinamika desobediente batean murgilduta daude: Euskal Herriko hainbat puntutan publikoki agertzen eta ondoren berriz ere beren burua ezkutatzen ari dira . Bilboko manifestazioan, Amezketako herriko azokan, Gasteizko harresiaren asanbladan, eta azkenik, HerriKolore Barakaldoko webgune herrikoiak antolatutako Herri komunikazkioa jardunaldietan agertu dira, ARGIAk grabatutako bideoan ikus daitekeenez.
Hilabete eta erdi bete da Idoya Iragorri, Unai Ruiz Pou, Goizane Pinedo eta Irati Mujikak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzeari uko egin ziotenetik. Zabaldu zuten gutunean desobedientziarako hautua egiten zutela nabarmentzen zuten. Espainiako Auzitegi Nazionalari ez diotela zilegitasunik aitortzen azaldu dute behin baino gehiagotan, eta herritarrei elkartasunetik konpromisora igaro eta epaiketak eteteko deia egin zieten.
Joan den ostiralean Herri Koloren bertan egindako elkarrizketan, Iragorrik dio "dinamika desobedienteak abian jartzeko unea iritsi" dela, "honaino heldu gara esateko". Bere ustez ez dute epaile espainiar bati beren militantziari buruzko azalpenik eman beharrik, "torturatzaileen kolaboratzaile eta arduradun dena". Elkarrizketan dioenez, epaile batek ondoren luzatu zuten inkomunikazio legea aplikatu zietelako torturatu zituzten. "Gu epaitu, torturatu eta kartzelaratzearen errudun eta arduradun da Audientzia Nazionala".
Hemen ikus daiteke Unai Ruiz Pou eta Goizane Pinedo Gasteizko harresiaren bilkurara sorpresan joan zirenekoa.
Hemen Irati Mujika Amezketako merkatuan agertu zenekoa.
Eta hemen Idoya Iragorri eta Iarti Mujika Bilboko manifestazioan.
Aipatutako lau gazteak beste 36rekin batera epaitzen ari dira. Segiko kide izan zirela egozten diete, eta guztira sei urteko kartzela zigorra eskatzen dute beren aurka. Igandean lau urte bete ziren Guardia Zibilak operazioa egin zuela, eta 40tik 30 gaztek torturatuak izan zirela salatu zuten. Hemen beren aitorpenak.
Aldi berean, epaiketa hauen harira, herri harresia antolatzen ari dira herrika. AskeGunearen webgunean informazio gehiago.