argia.eus
INPRIMATU
Agerraldia egingo dute igandean Laudion Tubacexen grebako auziperatuei elkartasuna adierazteko
  • 20 urteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte sei pertsonarentzat, Tubacexeko langile zein Aiaraldeko bizilagunentzat, greban parte hartzeagatik. Tubacexeko lantegiaren aurrean elkartuko dira igandean 12:00etan.

Hala Bedi @halabedi 2023ko ekainaren 07a

2021eko urrian itzuli ziren lanera Tubacexeko langileak, 236 egun greban egon ondoren. Baina greba horretan parte hartzeagatik ondorio penalak jasan ditzaketen sei pertsona daude oraindik Aiaraldean. Tubacexeko langileak dira horietako hiru, eta eskualdeko herritarrak beste hirurak. Denak kontuan hartuta 20 urte inguruko zigorra eskatzen diete grebako gertakari ezberdinengatik.

Errepresio kasu berri hau salatu eta epaiketen nondik norakoak emateko agerraldi masiboa antolatu dute igande honetan, ekainaren 11n, Laudioko Tubacexen lantegiaren aurrean, eguerdiko 12:00etan. Bertaratzeko dei egin dute antolatzaileek, eta laneko arroparekin hurbiltzera gonbidatu dituzte inguruko langileak.

Tubacexeko langileak diren hiru auzipetuei 36, 21 eta 18 hilabeteko zigorrak eskatzen dizkiete, desordenak eta agintearen aurkako erasoak egotzita. Eskualdeko herritarrei berriz, «kargu antzekoekin», 4 urte eta 7 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen diete bakoitzari, Saratxoko piketeetan parte hartu izana leporatuta.