argia.eus
INPRIMATU
Agerian geratu da U-1eko erreferendumean zauritutako polizien kopurua puztu zuela Espainiako Gobernuak
  • Espainiako Estatuko Barne Ministro Juan Ignacio Zoidok Kataluniako erreferendumaren hurrengo egunean, urriaren 2an, esan zuen 431 polizia zauritu zirela U-1ean. Alta, PPren gobernua kontraesanean erori da: Mariano Rajoyren exekutiboak martxoaren 22an EH Bilduko senatari Jon Iñarrituri bidalitako dokumentu batean esan zuen 111 zirela erreferendumaren egunean zauritutako poliziak.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko apirilaren 20a
Urriaren 1eko irudia (Arg: eldiario.es)

Dokumentuak leku bakoitzean zauritutako guardia zibil eta polizien zenbakiak jasotzen ditu: 52 Bartzelonan, 13 Tarragonan, 33 Lleidan eta 13 Gironan. Agente hauetatik 10ek baja hartu behar izan zuten lesioengatik. Urriaren batean Generalitateko Osasun Zerbitzuak hamaika agente bakarrik artatu zituen.

“Zifren dantzak demostratzen du ez zutela egia esan eta bortizkeria estaltzeko datuak esajeratu zituztela”, esan dio Iñarrituk ARAri. Senatariaren arabera, PPk “barregarri utzi” nahi ditu erreferendumaren egunean poliziek zauritutako 1.066 pertsonak.