Siriaren menpeko Kurdistanen dagoen Afrin hirian ur hornidura moztuta daramate astebete baino gehiago, Nazio Batuen Erakundeko afera humanitarioetako bulegoak asteazkenean jakinarazi duenez.
Turkiak inguruetako ur presa baten kontrola eskuratu duenetik ura moztuta daukate. Afrinetik jendea ihes egiten ari bada ere, ANF agentziak jaso du Afringo populazioa egunez egun handitzen ari dela inguruko herrietatik ihesi bertara doan jendearengatik.
"Zailtasunak zailtasun, erresistentzian jarraitzen dugu", diote borrokalari kurduek.
Turkiako armadak Afrinen ur honidura bakarra zen Meydankê urtegiari eraso egin ostean, arazoak hasi ziren. Kronikak jasotzen duenez, ur putzu zaharrak ireki eta hauek erabiltzen hasi dira herritarren beharrei erantzuteko. Herriko kamioi zisterna erabiltzen dute ura banatzeko.
"Turkiako estatuak nahi du jendea Afrinetik joatea, baina hemen gaude eta ez gara inora joango –dio Rewşen Hesen komunitateko arduradunetako batek–, egunero jende berria dator hirira. Horrek egoera zailtzen duen arren guretzat, arazo guztiei aurre egingo diegu elkarrekin".
Turkiak urtarrilean erasoa abiatu zuen lurraldea kontrolatzen duten kurduen aurka. Hiria setiatuta dauka.