Zoritxarrez, asteotan, Europa eta Afrikaren arteko mugan ikusten ari garen gertaerak duela bederatzi urte gertatzen ziren jadanik. Antza denez, kondenatuta gaude aldian-aldian irudi berberak ikustera.
Eta denak berdin jarraitzen du: muga zeharkatzen saiatzen diren pertsonak eta beraien heriotzak, poliziaren etorkinen kontrako indarkeria, komunikabideen sentsazionalismoa eta politikari batzuen deklarazio zinikoak. Eta denak berdin jarraitzen du: Estatuek Tronuen Jokora jokatzen duten bitartean, akordioak eta “bulegoko” itunak eginez, pertsonak hiltzen ari dira.
Kasualitatea ala kausalitatea? Espainiako Estatuko mugan bizi ditugun “Marmoten egun” hilgarri hauek itun, hitzarmen eta akordioen kausa eta ondorioa dira. Gainera, paper horiek bulegoetan egiten dira, baina herritarrek jasaten dituzte; kasu honetan Afrikakoek.
Egin dezagun memoria
Duela urte batzuk, garapen-lankidetza alorraren baitan, Espainiako Estatuaren eta Mendebaldeko Afrikako herri batzuen arteko harreman ofizialak indartu egin ziren. 2006, 2007 eta 2008 urteetan Lehen Afrika Plana martxan jarri zuten eta planaren hirugarren helburuari esker, sei akordio osatu zituzten, "migrazio-lankidetzaren akordio esparruak" izenekoak. Politika publiko horiek eta Espainiako Estatuaren eta Mendebaldeko Afrikako herrien arteko akordioak izugarri garrantzitsuak izan dira, garai hori eskualde horietatik zetozen migrazio-lekualdatzearen igoerari egokitzen baitzaio.
Gaur egun jazotzen ari dena aurretik gertatutakoaren berdina da. 2006an komunikabideek jende-oldeari buruz hitz egiten jardun zuten, eta orain kontu berbera gertatzen ari da. Hori ez dator bat egiarekin ordea. Komunikabideek emandako irudiaren ondorioz, 2006an “kaiukoen krisia” deritzoguna gertatu zen. Hori eta aurreko urtean Espainiako eta Marokoren arteko mugan gertatutako heriotzak izan ziren Lehen Afrika Planaren bultzatzaileak.
Hala ere, Kanariar Uharteetara ontziak iristea eta fenomeno horren eboluzioa, 1994an hasitakoa eta 2006ko udan finkatua, pobreziaren ondorioa izateaz gainera, beste zergati batzuen fruitu ere bada. Kontu honetan eragina daukaten beste faktore estrategiko batzuk existitzen dira. 2005. urtean Espainiako Gobernuak Marokoko Gobernuarekin akordio bat egin zuen aberriratze eta muga kontrolarekin erlazionatuta. Honek bi eragin izan zituen: alde batetik, Andaluziako kostaldera heldutako pateren kopurua gutxitu egin zen; eta bestetik, Kanarietara ontzi gehiago iristen hasi ziren.
Arrazoi hauetatik, irteeren jatorria Marokotik Mauritaniara aldatu zen. Horrela, azken herrialde honekin ere, Espainiako Estatuak beste akordio bat berraktibatu zuen 2005ean. Akordio honetan Mauritaniarako aberriratzeak jorratu ziren.
Bi akordio horiek eragin zuten Europarako ibilbideak hegoalderantz zabaltzea eta Senegal eta Cabo Verde migraziorik garrantzitsuenen irteera herri bihurtzea. Hori horrela, Espainiako Estatuak herri horiekin akordioak negoziatu zituen: bata, migrazio-lankidetzari buruzkoa; eta bestea, mugako kontrolei buruzkoa. Migrazio-lekualdatzeen gehitzeak eta garapen-lankidetzaren funtsen areagotzearen arteko bat etortzeak irakatsi digu mugan gertatutakoak ez direla ausazkoak. Estrategiak, baldintzatzaileak eta erabaki politikoak pertsonen etorkizunarekin erlazionatuta daude. Hau da, garrantzia estrategikoa da, eta ez giza eskubideak, gertaeren ibilbidea markatzen duena.
Gaur egun ia-ia itxita dago Mendebaldeko Ibilbidea, Mendebaldeko Afrikako kaiukoek Kanarietarantz egiten zuten bidea: alde batetik, migrazio-lekualdatzeek beste ibilbide batzuk aukeratzea “eragin” dute, batez ere puntu ahulak dituztenak. Horiek 2006a baino lehen erabiltzen ziren eta orain gauza bera gertatzen ari da. Adibidez, penintsularen beste portu batzuk edo Ceuta eta Melillako hesiak; bestetik, datuen atzean ezkutatu dira bidaian hiltzen diren pertsonak, ibilbidea gero eta zailagoa da eta.
Beraz, Mendebaldeko ibilbidea itxi egin da eta Espainiako Estatuak puntu bat irabazi du. Hau ez da mugaren kontrol sistema efektiboa!
Eta historia errepikatu egiten da eta badirudi errepikatzen jarraituko duela, gaia azaletik tratatzen baita, eta ardurak beste estatuen esku uzten baitira. Hortaz, beharrezkoa da giza-eskubideen errespetuan oinarritutako neurriak hartzea eta ez estatuen beharrizanen araberakoak. Eta Europa, non dago?
* Nerea Azkona migrantologoa eta garapen-lankidetzan aditua da.