argia.eus
INPRIMATU
Afrikan poliomielitisa desagerrarazi dutela dio OMEk
  • 2000ko hamarkadaren hasieran gaixotasunaren epizentro izan zen Nigerian lau urte daramatzate poliomielitisik gabe.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 25a
Poliomielitisaren aurkako txertoa. Argazkia: Wikimedia Commons

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) Afrika "poliomielitis birusik gabeko kontinentea” dela ziurtatu du abuztuaren 25ean, asteartean, Le Monde egunkariak jakinarazi duenez. Nigeriako ipar-ekialdean azken kasuak agertu eta lau urtera, Boko Harameko jihadisten aurkako gatazkak suntsitutako eskualdean ere ez dago gaixotasunak jotako pertsonarik. "Gobernuen, osasun arloko langileen eta erkidegoen ahaleginei esker, 1,8 milioi haur baino gehiago salbatu dira gaixotasunetik", esan du OMEk adierazpen batean. Hala, gaixotasuna mundu osoan desagerrarazteko "urrats garrantzitsua" izan dela azpimarratu du ere.

Iragarpen ofiziala 15:00etatik aurrera egingo da bideokonferentzia bidez, eta bertan izango dira, besteak beste, Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendari nagusia, Matshidiso Moeti OMEko Afrikako zuzendari erregionala, Aliko Dangote aberats eta filantropo nigeriarra eta Bill Gates estatubatuarra. "Hau sekulako garaipena da, askapena!", esan zuen Tunji Funsho doktoreak, Rotary Internationaleko Nigeriako Poliomielitis Batzordekoak. "30 urte baino gehiago igaro dira erronka hau abiatu genuenetik. Zoriontsua naizela esatea eufemismo bat da. Pozik nago", esan zuen Nigeriako medikuak.

Poliomielitisaren birus basatiak (WPV) eragindakoa poliomielitisa gaixotasun infekzioso kutsakorra da, batez ere haurrei eragiten diena, bizkarrezur-muinari erasoz eta atzera bueltarik gabeko paralisia eraginez. Mundu osora zabaldu zen 50eko hamarkadan txerto bat aurkitu zen arte. Herrialde aberatsenek sarbide azkarra zuten bertara, baina Asia eta Afrikak infekzio gune garrantzitsuak izaten jarraitu zuten denbora luzez.

1988an, adibidez, OMEk 350.000 kasu zenbatu zituen mundu osoan, eta 1996an, aldiz, 70.000 kasu baino gehiago Afrikan bakarrik. Dena den, finantzazio pribatura jota hainbat kasuri buelta ematea erdietsi zuten. Hala, gaur egun bi herrialde baino ez daude gaur egun kutsatuta: Afganistan 29 kasurekin, eta Pakistan beste 58rekin.

Nigeriaren kasua

Nigerian, 2000. hamarkada hasieran gaixotasunaren epizentroa izan zen herrialdean, iparraldeko eskualde musulmanean, zehazki, zirkulu salafisten presiopean gelditu egin ziren poliomielitisaren aurkako txertaketa kanpainak. Lan handia egin behar izan zen buruzagi tradizional eta erlijiosoekin, jendea konbentzitzeko bere seme-alabei txertoa jar ziezaien, jendeak konfiantza handiagoa baitu nagusiengan politikariengan baino.

Hala ere, 2009an, Boko Haramen aurkako gatazkaren sorrerak, azkenean, gaixotasuna desagerrarazteko itxaropena zapuztu egin zuen. 2016an, lau poliomielitis kasu berri erregistratu ziren Bornoko estatuan, altxamendu jihadistaren gunean. "Une horretan, 400.000 haur inguru medikuen kanpainatik kanpo zeuden indarkeria dela eta", gogorarazi du Funsho doktoreak. Bitartean, segurtasun egoerak oso desegonkorra izaten jarraitzen du ipar-ekialdean.

"Baina tokiko agintariek, erakunde humanitarioek eta elkartekide guztiek zezena adarretatik hartu dute ume hauengana iritsiko diren irtenbideak aurkitzeko", esan du Musa Idowu Audu Borno Estaturako OMEren koordinatzaileak. "Partzialki irisgarriak" ziren guneetan, txertaketa-kanpainak egin ziren, armadaren eta autodefentsarako milizien babespean. Jihadistek erabat kontrolatutako guneetan, OME eta bere kideak errepideetako edo merkatuetako jendearengana hurbildu ziren, "psasun-informatzaileen" eta "zaintzaileen" sare bat ezartzeko, izurrite posibleen berri izan zezaten. "Konfiantzazko itun bat eraiki behar genuen herri horiekin, doako arreta medikua emanez, adibidez", adierazi du Audu doktoreak.

Gaur egun, ezin dute 30.000 haurrengana heldu. Hori kopuru "txikiegia" litzateke epidemiaren transmisiorako, zientzialari adituen arabera. "Harro eta pozik" egon arren, Audu doktoreak esan du azken urteetan 20 bat mediku eta boluntario hil direla Nigeriako ipar-ekialdean. Orain, Afrikak ziurtatu behar du Pakistanen edo Afganistanen kasu bakar batek ere ez duela arrakasta hori ahulduko, eta bere haurren kopuru nahikoa immunizatuko dela kontinentearen erabateko immunizazioa bermatzeko. Egun horretara arte, Funsho doktoreak dio beti "begi bat irekita" egingo duela lo.