Melillako hesian gutxienez 23 pertsonaren heriotzak “berehala” ikertzeko eskatu dute. Moussa Faki Mahamat Afrikako Batasuneko presidentea “hunkituta eta kezkatuta” agertu da Afrikako migratzaileei ematen zaien indarkeriagatik eta tratu umilgarriagatik.
Moussa Faki Mahamat Afrikako Batasuneko presidenteak eskatu du “berehala” ikertzeko Melillako hesian hil diren gutxienez 23 migratzaileen kasuak. Marokotik Espainiara igarotzen saiatzen diren Afrikako migratzaileei ematen zaien tratua salatu du, eta ohartarazi du indarkeriazko tratu horren ondorio direla jazotako heriotzak: “Sakonki hunkituta eta kezkatuta nago indarkeria eta umilgarritasun tratuarekin”. Nazioarteko herrialdeei erantzukizuna eskatu die: "Herrialde guztiei gogorarazten diet beharra dutela nazioarteko zuzenbidepean migratzaileak duintasunez tratatzeko, eta horien segurtasunari eta giza eskubideei lehentasuna emateko. Halaber, indar handiegia erabiltzea ere saihestu behar dute".
Marokoko Giza Eskubideen Elkarteak igandean jakinarazi zuen Melillako hesian hildakoen zifra “askoz altuagoa” dela hasieran baieztatu dituzten 27 pertsonarekin alderatuta. Marokok ofizialki baieztatu du 23 hil direla, baina GKE batzuen arabera gutxienez 37 dira hildakoak. Gainera, Moussa Faki Mahamatek berak gogorarazi du migratzaile “askoz gehiago” daudela zaurituta.