argia.eus
INPRIMATU
Afrika mutur hura ere Frantzia baita
  • Mayotte ugartean, Afrikaren bestaldean, Confédération Paysannek [ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak parte hartzen du baserri txikiak defenditzen dituen Frantziako sindikatu horretan, Erredakzioaren oharra] irabazi du laborantza ganbarako gidaritza. Ondakiotela, eta ondakigula! Lurralde hartan ginen hiru egunez joan den udazkenean. Erran gabe doa beste mundu bat dela, Mayottekoa, frantses departamendu oso egina delarik 2015az geroztik.

Mikel Hiribarren @syndicatELB 2019ko otsailaren 25

Herrialde pobrea erran ginezake hango jendearen bizimoldearen itxurari eta ekonomia modernoaren aintzinapenari fidatzen bagina. Gazteria nagusi daukan herrialde berezia, dena eraikitzeko den lurraldea, kultura aberatsa daukan ugartea, bihotzaren begiez begiratzen bazaie… Baliteke zernahi gauza kondatzeko, hemendik Afrika mutur hartarat heltzen denarentzat: bide zakarrak, oihan tinkoak, tola zaharrezko eraikuntza kakolak, herrietako karriketan iluntzetako bizi pilpila, ala gau ixilaren erditan muzzinaren marruma ozena otoitzera deitzeko…

Laborari sindikataren bilkura bat antolatua zuten herri koxkor batean, goizeko hamaiketan. Bildu ginen hogoi bat lagun, denak, gizon ala emazte, nork bere soineko luze eta koloretsuaz jauntzirik. Orduan agertu zuen Said gure hango sindikataren ordezkariak laborari bozetan zerrenda bat osatzen ari zela. Beren mahorais hizkuntzan arizan zen luzaz eztabaidan itzulian jarriak zituen adinetako gizonekin. Emazteak ixilik zauden, hango legez. Artetan Said-ek solasak itzultzen zauzkigun frantseserat. Ez baita hain atsegina hitz buztan bat konprenitzen ez duzun eztabaidaren erdian egotea. Itzuli zaukutenaz, galdera zorrotz andana bat egin zioten Said herritarrari, hitzeman aitzin egun hartan berean ahotik ahora zabalduko zutela zerrenda buruaren berria.

Bilkuratik xutitzeko orduan begitarte gozoa zuen gizon zahar batek berriz jartzerat behartu gintuen denak. Musulmanen jainkoari gomendatu omen gintuen iduriz asmatzen zuen otoitz labur batez, eskuak mahain gainean idekirik ginauzkala denek…

Aupa Said eta bere lagunak! Zuen esku orain Mayotte ugarteko laborantza eta arraintzaren antolatzea eta garatzea. Intxala!

Anthoumani Said, Conf'-eko ordezkari eta Mayotteko laborantza ganbarako buru berria. (Argazkia: Jounal de Mayotte)