argia.eus
INPRIMATU
Afrika Erdiko Errepublikako presidente izendatu du bere burua Djotodia buruzagi matxinoak
  • Pasa den igandean presidentearen jauregia hartu eta gero, Afrika Erdiko Errepublikako (AEE) matxinoen buruzagi Michel Djotodiak bere burua presidente izendatu eta konstituzioa indarrik gabe utzi du. Adierazi duenez, hauteskunde demokratikoak deituko ditu hiru urteko epean. Orain arte estatu buru zen François Bozizek Kamerunera alde egin du, bertako Defentsa Ministeritzak jakinarazi duenez.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko martxoaren 26a
Michel Djotodia matxinoa da AEEko estatu buru berria (Argazkia: Daily News)

Djotodiak azaldu du Gobernuak ez zuela bete urtarrilean adostu zuten bake akordioa. Izan ere, horren arabera, Seleka talde matxinoaren presoak askatu eta herrialdean zeuden tropa hegoafrikarrak egotzi behar zituen. Bere garaian adostutakoa errespetatuko duela azpimarratu du estatu buru berriak, Nicolas Tiangaye lehen ministroa karguan mantenduta.

Hauteskundeak deitu arte Parlamenturik gabe arituko dira, dekretuz agintzen. Djotodiaren arabera, lehentasuna orain herritarren elikadura ziurtatzea da. Bangi hiriburuan lapurreta ugari izan dira, eta herritar gehienak, egunotan, ez dira etxetik atera, NBEren ordezkariaren arabera. AEE munduko herrialderik txiroenen artean dago, nahiz eta urrea, uranioa, diamanteak eta bestelako baliabide naturalak izan.

Afrikar Batasunak AEE eta matxinoak zigortu ditu. Erabat bakantzeko eskatu die bere kideei. Batasunean pisua duen Hegoafrika horren aldekoa da, erreboltan hamahiru soldadu hegoafrikar hil baitzituzten.NBEren buruzagi Ban Ki Moon kezkatuta agertu da giza eskubideen urraketengatik.

Djotodiaren agintaldiaren egonkortasuna ez da ziurra. Beste talde matxino baten buru den Nelson N’Jadderrek adierazi du ez duela estatu buru berria onartzen, eta istilu gehiago egon litezke.